Mendi Tour Tolosa jaialdiaren bigarren eguna da gaur, eta, atzo bezala, hainbat film ikusi ahalko dira Leidor aretoan. Emanaldia 19:30ean hasiko da eta sarrerak bost euro balio ditu. Gaur sei film emango dituzte: Wildwater (30’), ur lasterren adimenera eta arimara egineko bidaia; The hardest of the Alps (12’), Iker eta Eneko Pou anaiek Alpeetako klasikoei eginiko bisita; Linea continua (17’), lau belaunaldi biltzen dituen abentura; The swiss machine (24’), Ueli Steck mendizaleak egin dituen abiadura markak erakusten dituena; Next Time Inshallah (30’), Alex Txikon eta beste mendizale batzuk Gasherbrum I gailurrean 2011ko neguan egindako ahalegina; eta Broad Peak, Hastapenetara itzulera (28’), Josu Bereziartua mendizaleak eginiko filma. Guztiak jatorrizko hizkuntzan emango dira, euskarazko azpi tituluekin.
Hain justu, Josu Bereziartua (Azpeitia, 1960) Leidor aretoan izango da, bere filma aurkezteko eta, hala suertatuz gero, ikusentzuleen galderei erantzuteko. Eskarmentu handiko mendizalea da Bereziartua; 30 bat espedizio eginak ditu, horietatik asko Himalayan eta Karakorumen. Bere filman, Broad Peak tontorrera «lagunartean» eginiko igoera jasotzen du. «Bizitzan gauzak asko aldatzen dira», dio mendizaleak; «ibilbide luze batean, hasiera bateko nahiak eta gogoak poliki-poliki aldatzen dira. Hasieran denak balio du: edozeinekin, edozein modutara, edozein lekura... Ni aldatzen joan naiz, ideiak aldatu egiten dira eta beharrak ere bai».
Filmaren tituluak dion moduan, hastapenetara itzuli izan nahi du espedizio horrekin: «Hasierako garai haietara itzuli nahi izan dut, inongo konpromisorik gabe, presiorik gabe, mediatikoki azalpenik eman beharrik ez genuen garai haietara itzuli. Jende bat elkartu, mendia igotzea gustatzen zaiona, gutxi gorabehera ideia berdintsuak elkarbanatzen dituguna, bai mendiaz eta bai etikaz, eta mendi bat igo, besterik ez».