Mendi irudien egarriz

Imanol Garcia Landa 2012ko martxoaren 7a

Mendi Tour Tolosa  jaialdiaren bigarren eguna da gaur, eta, atzo bezala, hainbat film ikusi ahalko dira Leidor aretoan. Emanaldia 19:30ean hasiko da eta sarrerak bost euro balio ditu. Gaur sei film emango dituzte: Wildwater (30’),  ur lasterren adimenera eta arimara egineko bidaia; The hardest of the Alps (12’), Iker eta Eneko Pou anaiek Alpeetako klasikoei eginiko bisita; Linea continua (17’), lau belaunaldi biltzen dituen abentura; The swiss machine (24’), Ueli Steck mendizaleak egin dituen abiadura markak erakusten dituena; Next Time Inshallah (30’), Alex Txikon eta beste mendizale batzuk Gasherbrum I gailurrean 2011ko neguan egindako ahalegina; eta Broad Peak, Hastapenetara itzulera (28’), Josu Bereziartua mendizaleak eginiko filma. Guztiak jatorrizko hizkuntzan emango dira, euskarazko azpi tituluekin.

Hain justu, Josu Bereziartua (Azpeitia, 1960) Leidor aretoan izango da, bere filma aurkezteko eta, hala suertatuz gero, ikusentzuleen galderei erantzuteko. Eskarmentu handiko mendizalea da Bereziartua; 30 bat espedizio eginak ditu, horietatik asko Himalayan eta Karakorumen. Bere filman, Broad Peak tontorrera «lagunartean» eginiko igoera jasotzen du. «Bizitzan gauzak asko aldatzen dira», dio mendizaleak; «ibilbide luze batean, hasiera bateko nahiak eta gogoak poliki-poliki aldatzen dira. Hasieran denak balio du: edozeinekin, edozein modutara, edozein lekura... Ni aldatzen joan naiz, ideiak aldatu egiten dira eta beharrak ere bai».

«Mendi bat igo, besterik ez»

Filmaren tituluak dion moduan, hastapenetara itzuli izan nahi du espedizio horrekin: «Hasierako garai haietara itzuli nahi izan dut, inongo konpromisorik gabe, presiorik gabe, mediatikoki azalpenik eman beharrik ez genuen garai haietara itzuli. Jende bat elkartu, mendia igotzea gustatzen zaiona, gutxi gorabehera ideia berdintsuak elkarbanatzen dituguna, bai mendiaz eta bai etikaz, eta mendi bat igo, besterik ez».

Bereziartuak gaineratu duenez, «askotan joaten gara gauza arraroak bilatzera, baina azkenen, oso gauza sinplea da. Niri, behintzat, mendia igotzea gustatzen zait, eta igotze horretan sentitzen dudanak bete egiten nau. Gainera, lagunekin, gustuko mendira eta gustuko estiloan igoz gero, niri beteta uzten nau. Horregatik, gaur egun ez dit balio edozeinekin joatea, edozein lekutara edo edozein modutara».

Mendizaletasuna «oso pertsonala» dela esan du Bereziartuak. «Nire iritziz, zoritxarrez, mendira igotzea gaur egun lehiaketa batean bihurtu da. Garai batean mendira joatea lagun talde baten erronka zen, eta beharbada, herri batek antolatzen zuen halamoduzko ekimena. Baina egun Olinpiar Jokoen moduko lehiaketa batean bihurtu da: zeinek denbora gutxiagoan egin, zeinek kanpalekurik jarri gabe, zeinek oxigenorik gabe...  Niri mendian zenbakiek eta kopuruek ez didate betetzen».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!