Tolosako PSE-EEk herriko alkateak «jauntxokeriaz» jokatu duela salatu du, eta «dekretuz ezarritako» atez ateko sistemaren aurka azaldu da «erabat».
Tolosako Udaleko PSE-EEko zinegotzi eta bozeramale den Jose Ignacio Asensiok, bosgarren edukiontziaren alde daudela nabarmendu zuen pasa den ostiraleko prentsaurrekoan: «Materia organikoa jasotzeko, atez ateko sistema zikina da». Asensiorekin batera, Oscar Renedo, Manolo Blazquez eta Xabier Maiza PSE-EEko kideek ere parte hartu zuten agerraldian.
Gainera, PSE-EEko kideen arabera, «atez ateko sistema ez ekonomikoki, sozialki eta ingurumenari dagokionez jasangarria». Atez ateko zabor bilketak Tolosa «hipotekatu egingo duela» ere azpimarratu zuten: «Bi milioi euroko kostua izango du atez ateko sistema martxan jartzeak; bostgarren edukiontzia jartzeak, berriz, 100.000 euroko kostua ekarriko luke».
Asensiok eta agerraldian parte hartu zuten PSE-EEko beste hiru kideek, tolosarren gehiengoa atez ateko sistemaren «aurka»dagoela baieztatu zuten. Era berean, gogora ekarri nahi izan zuten, Bilduk eta Aralarrek osatzen duten udal gobernuak, zabor bilketaren inguruan lan egiteko batzorde bat osatzea adostu zuela oposizioko EAJrekin: «Batzordea sortzen badute ere, erabateko jauntxokeriaz dekretatu du atez atekoa ezartzea».
«Osasunaren aurka doa»
Tolosako PSE-EEko kideek atez ateko zaborra biltzeko sistema «herritarren osasunaren aurka» doala ere gaineratu zuten agerraldian: «Zaborra hirietako kaleetan ikustea, duela hainbat hamarkada ikusten zen irudia da, eta hemen, zorionez, gainditu genuen aspaldi; atez atekoarekin, ordea, martxan dagoen herrietan, ikus daiteke zer nolako zikinkeria maila dagoen». Jarraian, atez ateko sistema duten Usurbil, Oiartzun eta Hernani bisitatzeko gonbita luzatu zuten.