Ebrosalarekin batera sailkapenaren buru den Pinsequeren bisita jaso zuen Laskorainek, larunbatean. Erronkaren zailtasunaren jakitun, bi argudio errepikatzen zituzten behin eta berriz, itxaropena suspertu nahirik: «Ebrosalak berdinketarekin konformatu behar izan zuen Usabalen» eta «lehen itzulian Pinsequen garaile irten ginen».
Argudio eta itxaropen hauek, ordea, ez zuten oraingoan gehiegi iraun, eta 4-8 erori ziren ikastolakoak. Lehiaketaren fase aurreratu honetan, argi dago jada txapelketa Aragoiko bi talde horien artean erabakiko dela, eta Tolosan ikusitakoaren arabera, Zaragoza hiriburutik hogei minutatara kokatzen den Pinsequera joan daiteke txapela.
Teknika eta fisiko bikaineko jokalariz hornituak, baloiarekin bikain agertu ziren nola joko posizionalean nola estrategian, baina are eta bikainagoa izan zen baloirik gabe emaniko erakustaldia. Tolosarrentzat, sufrimendu handiko arratsaldea bihurtu zen. Sekula ez da gustukoa hain nabarmen gainditua izatea, baina ezin zaie ezertxo ere leporatu eta tokatzen zitzaiena bete zutela aitortu behar da. Kolore bakarreko lehen zatia izan zen, eta 0-3 joan ziren aldageletara; Villanuevak zozketatutako ardo sortak ere ez zuen gozatu atsedenaldi mikatza, eta gol askoko bigarren zatia. Azpimarratu, golegile laskoraindarrak Gil eta Murgi, Murgi eta Gil izan zirela, bina golekin bakoitza.