Bilduk uste du Larramendi auzoko aferan EAJ gezurretan ari dela

tolosa 2012ko martxoaren 2a

Tolosako Bildu koalizioaren ustez, EAJ alderdia gezurretan ari da Larramendi auzoko lurperatzearen inguruko prozesu judizialaz hitz egiterakoan. Jeltzaleek orain egun gutxi prentsaurrekoa eskaini zuten koalizioak babesten duen erreferemduma gelditzeko eskatuz, eta koalizioa agerraldi hori eta gero, pozik agertu da horrela hasieratik jasandako «gezur, intoxikazio eta difamazioei azkenean, aurpegia eta izen-abizenak» jarri dizkietelako.

Prozesu judiziala gogoan Bilduk Voith-Gorostidi eremuan irekitako prozesu judiziala ekarri du gogora: «EAJ gezurretan ari da. Jakin badakite lurperatzearen kontrako jarrera, planaren aurkako 2006. urteko helegitean emandako hamar arrazoietako bat zela. Ondo dakite, soilik herritarrekiko ardurazko jarrerari esker –guztiz legitimoak eta legezkoak diren helegiteei uko eginez– ekidin dela auzoko bizilagun berriek kalte handiagoak pairatu behar izatea».

Zentzu honetan, EAJri ezkutuan aritzea leporatu diote. «Euskadiko Justizia Auzitegi Gorenak emandako epaia ezkutatu nahi dute. Hain zuzen ere, EAJren udal gobernuak legez kontrako plan bat onartu zuela dioena, horrela sustatzaileak legeak baimentzen duena baino 300 etxebizitza gehiago eraiki ahal izateko», azaldu dute Bilduko ordezkariek. Arkitektoen inkesta Era berean, Tolosako arkitektoei egindako inkesta filtratu izana gaitzetsi du Bilduk: «Ezkutatu egin dute proposamena auzoko lantaldeak egin zuela, auzoko bizilagunek osatutako lantaldeak, hain zuzen ere, eta baita Arkitektoen Elkargo Ofizialaren bidez eta modu anonimoan egin dela ere». «Erakusten ari dira, ohikoa duten bezala, errespetu gutxi dietela teknikariei eta profesionalei. Ezkutatu egin nahi dute, teknikari batek berak ere ez duela babesten lurperatzeko aukera. Udal teknikariak ere (arkitektoak, letratuak, Udaltzaingoa, trafikoko adituak...) lurperatzearen kontra agertu izan dira beren txostenekin. Haietako batzuk zigortu eta errepresaliatu egin zituen EAJk, aurreko alkateraren kontrako mobbing salaketak barne», gaineratu dute.

Bilduk, proiektua oso aurrreatua dagoela jakinda, hobetzeko aukerak mugatuak direla onartu du: «Errespetu handia diegu auzoko bizilagunei, berriei eta lehengoei. Azken hauek ez dute inoiz aukerarik izan beren iritzia emateko ‘erosi’ zuten urbanizazioan egindako aldaketei buruz. Orain arte». Hain justu horregatik proposatu dute egungo proiektuaren alternatiba «teknikoki paregabea» dena Bilduren ustez. «Bizilagunek erabakitzea nahi dugu, proiektua zuzenean aldatu beharrean, nahiz eta udalak horretarako lege eskumen osoa eduki», gaineratu du. Horiek horrela, EAJ alderdiak herritarren aurrean ez duela inoiz gai garrantzitsuen inguruko kontsultarik egin esan dute, «ohituta daude inposatzen, diru publikoa xahutzen eta barra-barra gastatzen, beren inguruko enpresen poltsikoetan sartzeko». Bukatzeko Bildu koalizioak udal gobernua animatu du «herritarren parte hartze bidetik jarraitzera Larramendi auzoan», eta bizilagun guztiei informazioa ematera. «Auzoa denen artean eraikitzeko aukera ezin da alferrik galdu», esan du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!