Udate zerbitzua garatu du Tolosako Udalak, bertan tramitazio gehiago egin ahal izateko eta udaletxean bulegoz bulego ez ibiltzeko. Ibai Iriarte alkateak eta Lore Agirre alkateordeak aurkeztu dituzte aldaketak. «Udala herritarrei irekitzeko beste pauso bat da», esan du Iriartek berrikuntzen inguruan. Herritarrek udaletxean egin behar dituzten tramitazio guztiak bertan egitea du helburu udalak.
2005ean jarri zen martxan zerbitzua eta lehen pausoa herritarren kexak eta iradokizunak jasotzea izan zen. Orain egin diren berrikuntzekin, zerga bilketa, obra txikien baimenak eta hirigintzako beste tramitazio batzuk egin ahal dira bertan. Udal bulegoen erakinaren behe solairuan dago Udate zerbitzua, eta lekuak berak ere aldaketak izan ditu. «Lehen mostradore bat zegoen, eta orain mahaiak eta aulkiak jarri ditugu», esan du Iriartek. «Harremana zuzenagoa izatea nahi dugu modu horretara». Zerbitzuaren langile kopurua ere aldatu da. Lehen langile bat lanaldi osoan eta beste bat erdian zegoen eta orain hiru langile daude lanaldi osoan.
Beste aldaketa nabarmen bat txanda izateko txarteltxoa hartu behar dela da. Udaletik esan dutenez, ez da jendea pilatuko dela uste dutelako, baizik eta batez ere zerbitzua erabiltzen duten herritar kopurua zenbatzeko. Aulkiak ere jarri dituzte, norbaiti itxarotea egokitzen bazaio. Egun hiru mahai daude jendea artatzeko, baina laugarren bat jarriko dela aurreikusten du udalak. Bestalde, barneko aldean, bulego bat atondu du udalak, zenbait gai diskrezio osoz tratatu ahal izateko.
Zerbitzuaren berrikuntzan udalean izan den departamenduen arteko lanketa nabarmendu du Ibai Iriartek: «Departamendu bakoitzak aztertu du zer tramitazio egin ahal diren Udaten, eta horiek guztiek martxan jartzeko lanean ari gara». Hain justu, aurki Udaten errolda agiriak eskatzeko aukera ere izango dela zehaztu du alkateak.
Zerbitzua garatzeko software berri bat erabili dute, eta Udaten dauden langileak ere formatu behar izan dute.