Udate zerbitzua berritu dute, bertan tramitazio gehiago egin ahal izateko

Ataria 2012ko martxoaren 1a

Tolosako Udalak Udate zerbitzua garatu du, bertan tramitazio gehiago egin ahal izateko eta udaletxean bulegoz bulego ez ibiltzeko. Ibai Iriarte alkateak eta Lore Agirre alkateordeak aurkeztu dituzte aldaketak. "Udala herritarrei irekitzeko beste pauso bat da", esan du Iriartek berrikuntzen inguruan. Herritarrek udaletxean egin behar dituzten tramitazio guztiak bertan egitea du helburu udalak.

2005ean jarri zen martxan zerbitzua eta lehen pausoa herritarren kexak eta iradokizunak jasotzea izan zen. Orain egin diren berrikuntzekin, zerga bilketa, obra txikien baimenak eta hirigintzako beste tramitazio batzuk egin ahal dira bertan. Udal bulegoen erakinaren behe solairuan dago Udate zerbitzua, eta lekuak berak ere aldaketak izan ditu. "Lehen barra bat zegoen, eta orain mahaiak eta aulkiak jarri ditugu", esan du Iriartek. "Harremana zuzenagoa izatea nahi dugu modu horretara". Zerbitzuaren langile kopurua ere aldatu da. Lehen langile bat lanaldi osoan eta beste bat erdian zegoen eta orain hiru langile daude lanaldi osoan.

Beste aldaketa nabarmen bat txanda izateko txarteltxoa hartu behar dela da. Udaletik esan dutenez, ez da jendea pilatuko dela uste dutelako, baizik eta batez ere zerbitzua erabiltzen duten herritar kopurua zenbatzeko. Aulkiak ere jarri dituzte, norbaiti itxarotea egokitzen bazaio.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!