Mendiari buruzko film onenak ikusteko aukera, Leidorren

Ataria 2012ko martxoaren 1a

http://www.youtube.com/watch?v=zwhh3CKJEAY

Mendi Tour Tolosa ekimena antolatu dute hilaren 6 eta 7rako, Leidor aretoan. Gasteizen egiten den Mendi Film Festival jaialdiko pelikula onenak ikusteko aukera izango da bi egun horietan. Javier Baraiazarra Mendi Film Festival-eko zuzendariak esan duenez, "azken bi urteetan mendiaren inguruan egin diren film onenak ikusi ahalko dira". Tolosako Udalak eta Tolosagasak babestu dute ekimena. Edurne Mendia Kultura zinegotziak Tolosak mendiarekiko duen lotura nabarmendu du eta horrelako filmak herrian ikusi ahal izatea "luxua" dela esan du. Aurrera begira, ekimena "egonkortzea eta hobetzea" espero duela esan du Mendiak. Tolosagasako ordezkariak, Alberto Gonzalezek, eskerrak eman ditu Tolosara horrelako egitaraua ekartzeagatik, eta ekimen hori aurrera begira Tolosagasaren "ardatz nagusietakoa" izango dela adierazi du.

Baraiazarrak Leidor aretoari loreak bota zizkion: "Nahiko genuke guk Gasteizen horrelako leku batean ematea Mendi Film Festival-a, horrelako pantaila eta proiektorearekin". Egitarauari dagokionez, guztira 10 pelikula emango dituzte. Asteartean, hilak 6, 'Arditan', 'Fly or die', 'Cold' eta 'Transantartika 2011' izango dira ikusgai, azken hau Juan Vallejok aurkeztua. Asteazkenean, 'The hardest of the Alps', 'Wild water', 'Linea continua', 'The Swiss machine', 'Next time Inshallah' eta 'Hastapenetara itzulera' emango dira, azken hau Josu Bereziartua egileak aurkeztua. Sarrerak, eguneko, bost euro balio ditu. Salgai daude Tolosagasaren bulegoan eta Leidorko leihatilan.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!