Emakumeen plaza izendatuko dute herriguneko tren geltoki ondoko gunea

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko martxoaren 1a

Herriguneko tren geltokiaren ondoan dagoen gunea Emakumeen plaza izendatuko du Tolosako Udalak, pasa den astearteko ohiko osoko bilkuran, udal gobernuak aurkeztutako mozio alternatiboa onartu ondoren.

Bilgune Feministak eta Berdinbide herri mugimenduek mozioa aurkeztu zuten, martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira. Besteak beste, 2010ean eraildako Elena Cal gogoan izan zuten, eta bera hil zuen Pablo Jorge Simaori diru laguntzarik ez ematea eskatu zuten: «Emakume bat hiltzea merkea dela herritarrei jakinarazi nahi diegu» . Gainera, indarkeria sexistaren esparruan erakundeek ere «konpromiso zehatzak» hartu behar dituztela azaldu zuten.

Honen aurrean, udal gobernuak mozio alternatiboa aurkeztu zuen. Politika feministen alde lan egingo dutela diote, eta Bilgune Feministak eta Berdinbidek egindako eskari, berriz, honakoa erantzun zioten: «Udala ez da epaitegia, eta ezin ditu giza eskubideak ukatu». Hala ere, Elena Calen auziaren epaia salatu zuen Ibai Iriarte alkateak, eta honako konpromisoak hartuko dituztela esan zuten: epaitegira idatzia bidaltzea, genero indarkeriaren esparruan lanean jarraitzea, eta beste zenbait jarduerekin batera, herriguneko tren geltoki ondoko gunea Emakumeen plaza izendatzea, indarkeria sexista jasan duten eta jasaten duten emakumeen oroimenez. Bide beretik, Adif-ekin harremanetan jarriko dira, puntu beltz izendatuta dagoen eremua argizta dezan.

Miren Urkola, parekidetasun zinegotzia, eta Olatz Peon jeltzalea bat etorri ziren gai honen inguruan, eta biek genero biolentzia errotik konpondu beharreko zerbait dela azaldu zuten. «Heziketa eta prebentzioa dira garrantzitsuena», azaldu zuen Urkolak.

Lan erreformaren aurka

Espainiako Gobernuak onartu berri duen lan erreforma ere hizpide izan zen osoko bilkuran, PSE-EEk eta udal gobernuak mozio bana aurkeztu baitzuten. EAJ-PNVk mozio alternatiboa aurkeztu zuen jarraian.

Guztiek gaitzetsi zuten lan erreforma. Bilduk eta Aralarrek erreformak enplegua deuseztea eta langileen egoera prekarizatzea ekarriko duela salatu zuten, eta «eredu ezkertiarrago bat» nahi dutela aldarrikatu zuen Lore Agirrek. Era berean, lan harremanen euskal esparru baten beharra ere azpimarratu zuten. Azkenik, euskal sindikatuek datorren martxoaren 29rako deitu duten greba orokorrerako deia luzatu zuten.

Azken hau izan zen PSE-EEk eta EAJ-PNVk onartu ez zuten puntuetako bat; Jose Ignacio Asensio sozialistak «oinarri berak» defendatzen dituela nabarmendu zuen arren, greba deialdiarekin ez zen bat etorri. EAJ-PNVko Jokin Azkuek, berriz, honakoa azaldu zuen: «Grebarako deialdiarekin ez gaude ados, egoera txarrean gaudelako eta langileek dirua galduko dutelako». Horrela beraz, udal gobernuaren mozioa eta PSE-EErena onartu egin zituzten, eta EAJ-PNVrena ez.

Desjabetzeak salatzeko

Inaki Irazabalbeitiak, Aralar alderdiaren izenean, desjabetzeen aurkako mozioa aurkeztu zuen. Finantza entitateei desjabetzeak eteteko eskatu zien, besteak beste, eta zorrak alokairuaren bidez ordaintzeko modu bat proposatu zuen: «Errazena da hau krisiari egoztea, baina krisiarena bakarrik ez da, etxebizitza espekulatzeko erabili izan baitute azken urteotan, bizi osorako zorretan sartuz».

Legea aldatzea konponbideetako bat litzatekeela uste du Irazabalbeitiak, baina «hori oraingoz ezinezkoa denez», kontratuak aldatzea proposatu zuen.

Mozioaren aurrean PSE-EEko Asensio nahiko ados azaldu zen arren, jeltzaleek babesik ez zutela emango azaldu zuten: «Erantzukizuna finantza erakundeena baino askoz ere zabalagoa da. Aralarrek nahi duen tokira eraman du mozioa, eta herriak herri bezala erantzun behar du». Herritar batek eserlekutik desjabetze kasu zehatz baterako udalaren konpromisoa eskatu eta gero, Aralarren mozioa onartu zuten Bilduren babesarekin.

Etxebizitza sozialak

Igarondo eremuan, babes ofizialeko 24 etxebizitza udalaren esku geratu dira. Tolosako Udalak, etxebizitza horiek mugikortasun arazoak dituzten 70 urtetik gorako herritarrentzat bideratzea erabaki du.

Trukean, eta gazteei begira, mugikortasun arazoak dituzten herritar horien jabetzak egokitzeko dirua jarriko du udalak, hauek gazteentzako alokairuan jartzeko. «Modu honetara, 48 etxebizitza eskaintzeko aukera izango dugu», azaldu zuen Ibai Iriartek. Proposamena aho batez onartu zuen udalbatzak.

Atez ateko bilketa hizketagai

Azken asteotan bolo-bolo dabilen atez ateko hondakinen bilketaren gaia mahai gainean jarri zuen Olatz Peon jeltzaleak, galdera eta erreguetan.

Pasa den asteko agerraldian jeltzaleen udal taldeak azaldu zuen bezala, haserre daude: «Zertarako eskatu mankomunitateari ikerketa, erabakia hartuta baldin badago? Guretzat ez da errespetuzkoa izan, eta sistema hau inposatu egin nahi duzue». Bide beretik, Tolosako atez ateko zabor bilketarena azalduz Oñatiko alkatea azaldu izana «itsusia» iruditu zaie jeltzaleei: «Minduta sentitzen gara».

Honen aurrean, Iriartek aurreko plenoan esandakoa berresten duela esan zuen: «Bilduk duen nahia atez ateko bilketa da, baina hori gero eskualdera eta Tolosaldera egokitu beharko da, mankomunitatea egiten ari den ikerketarekin». Gaur egun sortzen den zabor gehiena organikoa dela dio alkateak, eta «urteetan zehar egoera hobetzen» joan den arren, horri konponbide bat eman beharra azpimarratu zuen: «Gardentasuna izango duzue gure aldetik, eta alarmismorik gabe jokatu mesedez, gaia korapilatsua, baina oso interesgarria baita».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!