Ekologistak Martxan elkarteko Zor Ekologikoa taldeak VI. Ekozinemaldia antolatu du. Hainbat filma proiektatuko dituzte hainbat herritan; horietatik bost asteazkenean (otsailak 29) eta ostegunean (martxoak 1) ikusi ahalko dira Tolosako kultur etxean, 19:30ean hasiko diren saioetan.
Asteazkeneko emanaldian, bi filma proiektatuko dituzte: La MAT eta The Pipe. Lehenengoa goi tentsioko linea elektrikoei buruzkoa da eta bigarrenak Irlandako ipar-ekialdeko kostaldeko herri txiki baten borroka kontatzen du, haien bizitza, bat batean, gas naturala eroateko hodi baten ezarpenak aztoratzen duenean. Ostegunean beste hiru ikusiko dira: Palmed Off, palma-olio plantazioek Indonesian kalteturiko indigenen testigantzetan oinarrituta; Amanece Dignidad, multinazionalek Latinoamerikan sortutako «gizarte eta ingurumen ondorio latzak» erakusten ditu; azkenik, Abuela Grillo marrazki bizidunetako film laburrak uraren merkaturatzearen kontrako herrien borroka erakusten du.