Tolosako udal gobernuak azaldu duenez, aurreko asteburutik martxan dago berriro gaueko erizaintza zerbitzua Iurreamendi egoitzan. Zerbitzu hori aurreko legealdian galdu egin zela esan du udal gobernuak, «aitzakiatzat jarrita foru aldundiaren arau jakin batzuen bete beharra». Legealdi honen hasieran, Iurreamendiko lehenengo zuzendaritza batzordearen bileran, zerbitzu hori berreskuratzea eskatu zela zehaztu du. Zuzendaritza horretan ordezkatuta daude Iurreamendiko langileak, egoiliarren senitartekoak eta herriko hainbat eragile.
«Baliabideak urri izaten jarraitzen badute ere», esan du udal gobernuak, «erizaintza zerbitzu osoa berrantolatu eta kudeaketa eraginkorragoa eginez, lortu da gainkostu txiki baten truke gaueko erizaintza zerbitzua berriz ezartzea, Zuzendaritza Batzordeak 2011ko abenduaren 15ean hartutako erabakia tarteko». Ezarpena, foru aldundiak ezarritako arauen barnean izan dela gaineratu du udal gobernuak.
Adostasuna «handia» dela esan du udal gobernuak, bai 24 orduko erizaintza zerbitzuaren beharra agertzerakoan eta baita gaueko erizaintza zerbitzua kentzeak adineko egoiliarren artean eragin dituen arazoak diagnostikatzerakoan ere.
Hori horrela, otsailaren 27tik aurrera, «baliabideak modu eraginkorrean kudeatuz», Iurreamendi egoitzan gaueko erizaintza zerbitzua berrezarri da, «bertako egoiliarren bizi kalitatea nabarmen hobetuz», adierazi du udal gobernuak.