Aurreko astean Bilduk agintzen duen Gipuzkoako hainbat udalek atez atekoaren alde egingo zutela iragarri zuten. Horren harira, Tolosako Bilduk gaiaren inguruko adierazpenak egin ditu, eta «hiri hondakin solidoen bilketa selektiborako sistemak, atez ate, proposatu eta sustatuko» dituela esan du, «egingarriak, merkeak, ekologikoak eta eraginkorrak frogatu direnak, %80tik gorako birziklapen mailarekin». Hala ere, sistema horien ezarpen zehatzak udalerri bakoitzean «azterketa oso berezitua» behar duela gaineratu du koalizioak prentsa oharrean.
Hauteskunde kanpainatik bertatik Tolosako Bilduk gizarte eztabaida zabal baten beharra aldarrikatu duela esan du, «eragile sozial zein politiko ezberdinen artekoa, hiri hondakin solidoen kudeaketa egokiena lortze aldera». Azken osoko bilkuran, «helburu horren baitan kokatzen den lantalde baten eraketa» babestu zuela azaldu du. Osoko Bilkura berean Tolosako udalerriaren ezaugarrietara ongien egokitzen den sistemaren inguruko azterlana Tolosaldeko Mankomunitateari eskatzea erabaki zela gaineratu du: «Hau da, hiri hondakin solidoen bilketan eskumena duenari. Aipatu azterlana egiten ari dira eta laster izango dugu eskuartean».
Bilduren iritziz, «azkenik aukeratzen den sistema edozein izanik ere, egun indarrean dagoen ereduarekiko erroko aldaketa ekarri beharko luke, honen porrota sekulakoa izan baita eta ez du lortu birziklapen maila %25etik gorakoa izatea, kasurik onenean ere». Koalizioak gaineratu duenez, «Europako Batasunak hala agintzen du».
Bilduk errauskailurik ez duela nahi esan du, «ez Tolosan, ez Zubietan, ez beste inon ere». Koalizioak azaldu duenez, «pertsonentzat eta ingurumenarentzat kaltegarriak izateaz gain, mugatuak diren lehengaien kudeaketa arduragabea dakarte, ‘erabili eta bota’ eredua, etorkizun eraginkorrago eta arduratsuago baten aurkakoa dena».
Tolosako Bilduk, azkenik, esan du «sinesmen osoa» duela herritarrengan eta pertsonengan, eta «konfiantza osoa» du, «gaurtik hasita, tolosarrok ere hobeto egingo dugula orain arte nahikoa izan ez dena».