Larramendiko urbanizazioari buruzko erreferenduma gelditzea eskatu du EAJk

Imanol Garcia Landa 2012ko otsailaren 27a

Larramendi auzoan aurreikusita zegoen errepidearen lurperatzea egitea, eta proiektu horren eta udalak proposatutako beste proiektuaren arteko erreferenduma bertan behera uzteko eskatu dio EAJk udal gobernuari. «Abian jarri duen prozesu hau gelditu dezala kalte handiagoak sortu aurretik, eta partaidetzan sinesten badute, ez diezaiela bizkar eman auzo berri honetako tolosarrei», esan du Tolosako alderdi jeltzaleak.

EAJk Larramendi errepidearen lurperatzearen alde azaldu da beste behin, proiektua indarrean dagoela esan du, eta Bilduri proiektu horri helegitea ez aurkeztea leporatu dio: «Bildu ez badago ados urbanizazioarekin, helegitea aurkeztu ahal izan zuen urbanizazio proiektua onartu zenean, eta ez zuen egin». Bestalde, Voith-Gorostidi proiektua indarrean dagoen plan orokorrak «arautzen eta babesten» duela esan dute jeltzaleek, eta, beraz, «ez du segurtasun juridikorik behar planeamendua aldatuz». Bildu «aldez aurretik babes juridikoa duen aktuazio bati segurtasun juridikoa berrematen» dabilela gaineratu dute.

Ezker abertzaleak epailearen aurrean obrak gelditzea «hirutan» eskatu duela eta 100 etxebizitza libreen lehen erabilerarako baimenari ere helegitea jarri ziola kritikatu du EAJk. «Ezker abertzalearen eskaera epaitegietan ez zuten inolako eraginkortasunik izan eta epaileak atzera bota zituen. Pauso hauek noren kalterako burutu ziren?», galdetu dute.

Auzoko zenbait bizilagunen egonezina «guztiz ulergarria da» esan dute: «Egun 550 familiak salerosketako eskriturak edo kontratuak dituzte sinatuak. Bizilagun horiek baldintza eta ezaugarri batzuk direla medio erosi dute etxebizitza eta bere barnean zegoen Larramendi kalea lurperatzea».

EAJren ustez, Bildu «egokiera irizpidea kontuan hartu gabe» jokatzen ari da. Erreferendumarekin «aurreikusten ziren zenbait aktuazio geldiaraziko ditu, besteak beste, Voitheko etxebizitza zaharrak botatzea, Arkaute plaza birgaitzea edota sortzen den plaza berria eraikitzea». Voith-Gorostidi eremuko proiektua Bilduk «demonizatu» duena dela esan du EAJk, eta «derrigorrez gelditu» behar duela gaineratu du.

Partaidetzaren inguruko kritikak ere plazaratu dituzte jeltzaleek: «Bilduk partaidetza prozesu bat jarri nahi badu abian, ezin du berau jarri joko zelaiaren arauak berak inposatuz; partaidetza abian jartzeko gutxienez bizilagunekin adostu behar da, bestela ez du inolako aitortzarik». EAJren ustez badira beste proiektu batzuk, zeinetan Bilduk «bere logikan» partaidetza prozesu bat ireki beharko lukeen, eta «partaidetzaren aldetik baztertu egin ditu», esan du. Euskal Herria plazako etxebizitzak eta Berazubiko haur eskolaren lurzoruari buruzko proiektuak aipatu dituzte. Bestalde, erreferendumaren gaiarekin  arrisku bat ikusten du EAJk: «Partaidetza prozesu batek lagundu egin behar du auzoko harreman sarea tinkotzen. Errezeloa dugu oraingo honek bidea emango duela auzo berri eta gazte hau bitan banatzeko».

Hondakinen gaia ere aipagai

Prentsaurrekoan, EAJk hondakinen gaiari buruz ere aipamen bat egin nahi izan zuen, aurreko astean Bilduko hainbat udalek atez atekoaren alde egingo dutela azaldu eta gero. «Engainatuta» sentitu direla esan dute EAJkoek: «Aurreko udal batzarrean gaiaren inguruko batzordea osatuko zela adostu genuen; ez da osatu eta hedabideetatik jakin dugu Tolosa atez atekoa onartzeko asmoa duela. Guretzako hau inposaketa bat da».

Prentsaurrekoaren testu osoa

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!