Larramendi auzoaren urbanizazioari buruzko erreferenduma bertan behera uztea eskatu dio EAJk udal gobernuari

Ataria 2012ko otsailaren 24a

Larramendi auzoan aurreikusita zegoen errepidearen lurperatzea egitea, eta proiektu horren eta udalak proposatutako beste proiektuaren arteko erreferenduma bertan behera uzteko eskatu dio EAJk udal gobernuari. "Abian jarri duen prozesu hau gelditu dezala kalte handiagoak sortu aurretik, eta partaidetzan sinisten badute, ez diezaiela bizkar eman auzo berri honetako tolosarrei", esan du Tolosako alderdi jeltzaleak.

EAJk Larramendi errepidearen lurperatzearen alde azaldu da beste behin, proiektua indarrean dagoela esan du, eta Bilduri proiektu hori ez errekurritzea leporatu dio: "Bildu ez badago ados urbanizazioarekin, errekurritzeko aukera izan du urbanizazio proiektua onartu zenean, eta ez du egin". Bestalde, Voith-Gorostidi proiektua indarrean dagoen plan orokorrak "arautzen eta babesten" duela esan dute jeltzaleek, eta, beraz, "ez du segurtasun juridikorik behar planeamendua aldatuz". Bildu "aldez aurretik babes juridikoa duen aktuazio bati segurtasun juridikoa berrematen" dabilela gaineratu dute.

Ezker abertzaleak epailearen aurrean obrak gelditzea "hirutan" eskatu duela eta 100 etxebizitza libreen lehen erabilerarako baimenari ere helegitea jarri ziola kritikatu du EAJk. "Ezker abertzalearen eskaera epaitegietan ez zuten inolako eraginkortasunik izan eta epaileak atzera bota zituen. Pauso hauek noren kalterako burutu ziren?", galdetu dute.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!