80 partaidetik gora espero dituzte igandeko Tolosako I. Txakurkrosean

Ataria 2012ko otsailaren 24a

Tolosako I. Txakurkrosa antolatu du iganderako Guhau Txakurkros Taldeak. Orain gutxi sortu da taldea eta igandeko proba antolatzen duen lehenengoa izango da. Bi proba egingo dituzte. Batetik, nagusia, hau da, Gipuzkoako Txakurkros Ligarako baliogarria izango dena, eta bestea, herri lasterketa. Guztira 80 partaide inguru espero dituzte bi probetan, 60 bat ofizialean eta beste 20 inguru herri lasterketan. Bi probak 11:30ean hasiko dira, Trianguloa plazatik.

Guhau Txakurkros Taldeko Ainara Gozategik probaren ezaugarriak zehaztu ditu: «Txakurra eta korrikalaria loturik joan behar dira, eta beti txakurra joan behar da tiraka. Lerekin egiten den lasterketatik eratorritako proba da». Lasterketa nagusia 10 kilometro inguru izango ditu eta herri lasterketak 4,5 kilometro. Sari banaketaren aurretik, 13:00ak aldera, haurrentzako proba berezi bat antolatu dute, 90 metrokoa. Ondoren, paella jatea izango da. Izena emateko www.herrikrossa.com helbidean egin behar da. Egunean bertan, probak hasi baino lehen ere izena eman daiteke.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!