Gaur banatuko ditu Tolosako Udalak, pasa den asteartean amaitu ziren inauterietako karroza eta konpartsen lehiaketako sariak. Ekitaldia 18:30ean hasiko dela azaldu du udalak, inauterien inguruan egin duen lehen balorazioan.
Sei festa egunak «giro onean eta normaltasun osoz» ospatu direla nabarmendu dute, eta beraz, balorazioa positiboa dela: «Lehen balorazioa da, eta datu eta informazio zehatz guztiak oraindik eskura ez dauden arren, inauterietan jai giroa, umorea eta festa bermatuta egon dira Tolosan, herritarrentzat zein kanpotik etorri diren guztientzat». Jendeak ondo erantzun duela diote, eta udalak eskertu egin nahi du hori: «inauteriak jai herrikoiak dira, eta hala izan behar dute».
Inauterietan udaleko zerbitzu guztian ondo koordinatu direla azaldu dute, bai aparkalekuei, trafikoari, garbiketari nahiz garraio publikoari dagokienez, eta jendeak «errespetuz eta jatortasunez» jokatu duela ere azpimarratu du udalak.
Era berean, eguerdian eta gauean zerbitzua eskaini duen Zerkausiko jantokiak, nahiz txosnaguneak eta Bilgune Feministaren txokoak, balorazio positiboa merezi dutela diote. Bilgune Feministak lehen aldiz jarri du aurten gunea, eta salaketarik ez dela egon azaldu dute arduradunek; sentsibilizazio gune moduan ondo funtzionatu duela nabarmendu dute.
Zezen plazako neurriak ondo
Aurten udalak neurri bereziak hartu behar izan ditu zezen festarako, eta txarangez gain, ezin izan zuten inauterizaleek hondarretara sartu.
Neurria eraginkorra izan dela azpimarratu du Tolosako Udalak, ez baita zezen plazan arazorik izan. Udala pozik dago: «ez da arriskuan jarri ez parte hartzaileen , ez ikusleen segurtasuna, ezta ikuskizunarena ere». Horrela berak, datorren urteetarako oinarri izango da aurtengo neurria..
Karrozen bolumena arazo
Karroza eta konpartsek jartzen duten musikaren bolumena ere arazo izan da aurtengo inauterietan. Udalak azaldu duenez, zenbait karroza eta konpartsek ez dituzte jarritako neurriak errespetatu, eta udalak honen aurrean neurriak hartuko dituela argi utzi du balorazioan, aurrez ere azaldu zuen moduan.
Gauzak horrela, soinuaren bolumena errespetatu ez duten taldeak karroza eta konpartsen lehiaketatik kanpo geratuko dira, eta ondorioz, ez dituzte gainontzeko taldeek izango dituzten eskubide berak izango: «Inauteriak herritar guztientzat izan behar dute festa, eta ez da zilegi batzuentzat, arazo edo buruhauste izatea. Jatortasunez eta errespetuz jokatu behar dugu guztiok».
Honen harira, aipatzekoa da, gaur, 18:30ean, karroza eta konpartsa lehiaketako sari banaketa izango dela udaletxeko batzar aretoan. Gainera, lehiaketan parte hartu duten karroza eta konpartsa guztiek, martxoaren 2ra bitarte izango dute dieten eskaera egiteko epea. Datu orria eta argazkia kultur etxean entregatu beharko dituzte; www.tolosakoudala.net webgunean ere egin ahal izango da bestela.
Iaz baino zabor gehiago
Inauterietako sei egunetan zehar, 46 langile aritu dira Tolosako kaleak garbitzen. Arduradunek azaldu dutenez, 2012an zabor kopurua igo egin da, eta 2010 eta 2011ko datuak begiratuta, zabor gehiago bildu dute amaitu berri diren inauterietan.
Egunero 06:00etatik 12:00etara aritu dira garbitzaileak lanean, eta astearte goizean, 05:00etan hasi ziren. Hain zuzen ere asteartean zenbait arazo izan zituzten, Trianguloan mangerarekin garbitutakoa izoztu egin zelako; asteazkenean, horregatik, garbiketa lehorrean egin zuten.
Guztira 132,5 metro kubiko zabor bildu dituzte Tolosan, eta 656.500 ur litro erabili dituzte; desinfektante usaindunari dagokionez, berriz, 700 litro erabili dituzte garbitzaileek.
Balorazio batzarra
Lehen balorazioa egin duten arren, udalak informazio zehatz guztia bildu nahi du. Horrela beraz, aurtengo inauterien balorazio osoa egiteko batzarra deitu du udalak, datorren martxoaren 6an, 19:00etan, kultur etxean.
Bestalde, Astelenita gauean Guardia Zibilak zerbitzuan zegoen suhiltzailea lanean atxilotu izana salatu nahi izan du udalak, «zerbitzua murriztua» geratu baitzen gaurik jendetsuenean.