Inauteriak "giro onean eta normaltasun osoz" ospatu direla esan du Tolosako Udalak

tolosa 2012ko otsailaren 23a

Tolosako Udalak Inauterien balantze "positiboa" egiten du. "Informazio zehatz guztiak oraindik eskura ez dauden arren, Inauterietan jai-giroa, umorea eta festa bermatuta egon dira Tolosan, herritarrentzat zein kanpotik etorri diren guztientzat. Jendeak ondo erantzun du eta udalak eskertu egin nahi du hori, Inauteriak jai herrikoiak baitira eta hala izan behar baitute", azaldu du. "Festak lasaitasun eta normaltasun osoz" joan direla nabarmendu du udalak, eta "jendeak errespetuz eta jatortasunez jokatu du". Udalaren zerbitzu guztiak "ondo koordinatu" direla esan du, "trafikoari eta aparkaleku publikoei, garbiketari, garraio publikoari... dagokienean".

Zerkausiako jantokiak ere, gaueko zerbitzu eta guzti, "ondo funtzionatu du", udalaren arabera, eta "txosnagunean eta kontzertuetan giro polita egon da". Bestalde, Bilgune Feministatik aurten lehen aldiz jarri den guneari buruz balantze positiboa egin dutela esan du udalak: "Ez da salaketarik egon eta sentsibilizazio-gune moduan ondo funtzionatu du, jendeak informazioa eskatu baitu bertan".

Zezen-plazako segurtasuna bermatzeko neurriak "eraginkorrak" izan direla esan du udalak: "Ez da inolako arazorik izan ez plazaren barruan, ezta kanpoaldean ere. Udala pozik dago. Izan ere, ez da arriskuan jarri ez parte hartzaileen ez ikusleen segurtasuna, ezta ikuskizunarena ere. Gauzak horrela, hemendik aurrerako urteetarako oinarri izango dira aurten hartu diren neurriak". Karroza eta konpartsen gehiegizko bolumenari dagokionean, ordea, ez du gauza bera esan udalak: "Jarritako neurriak ez dira guztiz errespetatu eta udalak honen aurrean neurriak hartuko ditu, Inauterien aurretik esan bezala. Soinu-bolumena errespetatu ez duten taldeak karroza eta konpartsen lehiaketatik kanpo geratu dira eta, beraz, ez dituzte gainontzeko taldeek izango dituzten eskubide berak izango". Udalak gaineratu duenez, "Inauteriek herritar guztientzat izan behar dute festa eta ez da zilegi batzuentzat arazo edo buruhauste izatea. Jatortasunez eta errespetuz jokatu behar dugu guztiok". Hain justu, karroza eta konpartsen sari banaketa bihar, ostirala, egingo da, 18:30ean, udaletxeko batzar aretoan.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!