Antxon Iglesias, Inauterizalea
Ibartarra izaki, ederki ezagutzen ditu Tolosako inauteriak Antxon Iglesiasek. Beretzat Kirikiño aisialdi taldearekin, Astelenitan igarotzen duten eguna da politena.
Nola bizitzen dituzu Ostegun Gizen bezperako egunak?
Gauzak erabat prestatuta izan arte nolabaiteko urduritasuna sentitzen dut. Egun horiek azken prestaketak egiteko izaten dira, eta horregatik tentsio pixka batekin bizitzen ditut.
Inauterietako egunik onena?
Astelenita. Txantxangorrirekin lehendabizi, eta Kirikiño aisialdi taldearekin ondoren, urtero urtero ateratzen naizenez, oso berezia da niretzat. Horrez gain, Zaldunitako Dianaren unea ere asko gustatzen zait.
Zer dira zuretzat Tolosako inauteriak?
Eguneroko bizimodutik irtetea. Guztia ahaztea, eta alaitasuna, poza eta askatasuna sentitzea.
Mozorroa ala txilaba?
Mozorroa. Agian, lehen txilaba janzteko ohitura handiagoa zegoen. Orain, ordea, mozorroturik ikusten da jende gehiena.
Nola mozorrotuko duzu aurtengoan zure burua?
Kirikiño aisialdi taldean 25 urte egiten ditugu, eta nik inauterietan izan genuen lehendabiziko mozorroa jantziko dut Astelehenitan. Heidiz eta Pedroz irten ginen konpartsarekin dantzatzera gure lehenengo urtean, eta ni Heidiren aitona izan nintzen. Oso oroitzapen ona gordetzen dut urte hartatik, eta ilusio berezia egiten dit mozorro hura errepikatzeak. Beste egunetan, indioz edo bakeroz jantziko naiz, aurreko urteetan bezala.
Bereziki gogoratzen duzun mozorrorik?
Barrearen aurkako Britaniar ligaz jantzi ginen urte batean. Britaniar moduan jantzi ginen, eta barre egitea debekatuta zegoela zioten kartel batzuk generamatzan. Gu aurpegi serioa jarriz egon ginen, eta oso ondo pasatu genuen.
Txarangarik gabe zer lirateke inauteriak?
Zaila da hori irudikatzea, txarangak inauterietako une guztietan baitaude. Oso zaila da Tolosako inauteriak txarangen doinurik gabe imajinatzea, musika oso garrantzitsua baita festa hauetan.
Erositako mozorroa ala etxeko trapuekin egindakoa?
Erositakoak izan daitezke, baina gauza sinpleekin eginak ere bai. Nire ustez politena irudimenetik sorturiko mozorroa da, hau da, zuk sortua, gauza gutxi baliatuz. Bestalde, Heidi eta Pedroren mozorroa, esaterako, oso sinplea izan zen, oso erraz eginikoa, baina, aldi berean, emaitza oso polita izan zuen.
Uste duzu kanpotar batek tolosarren moduan bizi al ditzakeela inauteriak?
Ez dut uste. Herriko giroan sarturik egon behar duzu, ezagutu eta sentitu egin behar dituzu. Oso zaila da.
Txikia zinenetik bizitu izan al dituzu?
Ibartarra naiz, eta gogoan dut inauterietan txilaba-edo jantzita joaten ginela Tolosara zer zegoen ikustera, baina ez genituen inauteriak era berezian ospatzen. Gerora, ordea, bai.
Zer sentitzen duzu Hausterre egunean?
Alde batetik, eromen guztia bukatu denaren sentsazioa izaten dut. Bakea eta lasaitasunera itzuli, eta eguneroko biziari berriro ere ekiteko unea iritsi dela. Hauei agur esan, eta hurrengo inauteriak ere iritsiko direla konturatzeko baliatzen dut eguna.