50 urte danborra astinduz

tolosa 2012ko otsailaren 18a

http://www.youtube.com/watch?v=54Puxu7-AeU&feature=youtu.be

Mende erdia pasatu da Tolosan lehen haur danborrada egin zela. Aiz-Orratz elkarteak jarri zuen martxan, eta inauterietako egitarauan leku garrantzitsua du. Ehunka haurrek parte hartzen dute, eta gaur, danborradaren 50. urteurrena ospatzen den egunean, ia 500 haur ariko dira danborra jotzen.

Egun esanguratsu honetan, ekitaldi berezia prestatu dute: trena ibiliko da Tolosan zehar itzulika, nahi duenarentzat, 11:00etatik 13:30era. Danborradan ere erabiliko dute trena: bertan joango dira aurreko larunbatean egindako mozorro lehiaketako irabazleak. Elkarteko Luis Collado izan zen haur danborradaren bultzatzailea.

1962an egin zen lehenengo aldiz eta 75 haur inguru atera ziren. Danbor joleek kosako jantzia eraman zuten, helduen danborradan Aiz-Orratzek janzten zuen berdina. Geroago beste jantzi batzuk ere izan ziren, sukaldariena eta arrantzaleena kasu. Hain justu, danborrada izango den garaian tren txu-txuan zenbait haur joango dira jantzi horiekin, historiari errepasoa egiteko. Egun aldaketa 50 urte hauetan aldaketak izan dira. Nabarmenena, Astelenitatik Zaldunita Bezperara aldatu zutela ekitaldiaren eguna, orain hamabost urte inguru. Xabier Otaño Aiz-Orratz elkarteko kideak gogoan duenez, «haurrak danborrada bukatu eta presaka elkartearen ondoan aldatzen ziren arropaz eta aisialdi taldeetara joaten ziren, beraien ikuskizunetan parte hartzera. Azkenean, erabaki genuen egunez aldatzea eta, horrela, larunbatean jarri genuen».

Haur danborradaren hasieratik erregina eta damak aukeratzen zituzten, baina bertan behera utzi zuten, polemika sortzen baitzuen aukeraketak. Lan handia ematen die elkartekoei bai danborrada bai haur jaialdia antolatzeak. Iban Ormazabal ekitaldiak antolatzen dituen elkarteko batzordean dago: «Urritik martxan jartzen gara, bilerak eginez. Ikastetxeek asko laguntzen dute danborrada antolatzeko; orain entseguak bertan egiten dira eta elkarteko bi kide joaten dira saioak zuzentzera».

Ikastetxeetan hainbat entsegu egin dituzten danbor joleak gaur berriro elkartuko dira Geltoki kalean: errementariak, txantxoak eta txorimaloak. 17:00etan aterako dira, eta San Frantzisko kaletik behera joan eta gero, Trianguloa plazara iritsiko dira. Han abesti batzuk jo ondoren, Rondilla kaletik behera abiatuko dira Aiz-Orratz elkarteraino eta bertan bukatuko dute, ohi bezala, danborrada.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!