Julen Telleria: "Mozorroek kolorea ematen dute, eta txarangek doinua"

tolosa 2012ko otsailaren 17a

Hamaika begitatik begiratzen ditu Julen Telleriak (Tolosa, 1990) inauteriak: txarangan, aisialdi taldearekin nahiz koadrilarekin parte hartzen du festarik zoroenetan.

Nola bizitzen dituzu ostegun gizen bezperako egun horiek?

Urteak pasa ahala gero eta urduriago jartzen naiz. Zerura begira pasatzen ditut egunak; pentsa, txikia nintzela errezatu ere egin izan dut, inauterietarako eguraldi ona eskatuz. Gainontzean, mozorroak prestatzen eta egunak kontatzen joaten zait astea.

Tolosarrak txarangazaleak al dira?

Erabat. Baina hori ez da inauterietako kontua bakarrik, urte guztian ikus daitekeen gauza da. Noski, horri inauterietan heltzen zaio bere apoteosia. Nire ustez, txarangak ezinbesteko osagaia dira Tolosako inauterietan. Mozorroek ematen diote kolorea, txarangek doinua. Ezin imajina nitzake txarangarik gabeko inauteriak. Eta pentsatu nahi dut ez dela nire kontua bakarrik; txarangen doinurik gabe ostegun gizeneko txupinazoa, diana, zezenetarako igoerak, jaitsierak… ez lirateke inauteri.

Gero eta gazte gehiagok prestatzen dute karroza edo plataforma.

Benetan pozgarria da gure belaunaldia ere inauterietan modu parte hartzaile batean inplikatu dela ikustea. Eguberri ondoren asko lanean hasten dira inauteriei begira, eta hori txalogarria iruditzen zait, horrexek mantentzen baitu piztuta inauteria. Honek beste aurpegi ilunxeago bat ere badu. Plataformetan musika altuegi eta maila egoista xamarrean erabiltzen da, eta nire ustez festa kolektibo baten alde eginez eta errespetuz, guztion arteko bizikidetza lortzeko bidea egin beharko litzateke. Beste inauterizale bati irakurri nion moduan, inauteri guztiek dute lekua Tolosakoetan, eta behar-beharrezkotzat jotzen dut bakoitzari bere lekua egin eta errespetatzea.

Kazkabarra aisialdi taldearekin ere aritzen zara Astelenitan, ezta?

Egia kontatzen hasita, ni egunean zehar txarangarekin aritzen naiz astelehenitan ere. Bukatutakoan mozorroa jantzi eta gainontzeko begiraleekin afaltzera eta juergara joaten naiz, eta hori tranpa da. Baina tartetxo hau aprobetxatu nahi nuke begirale guztiek egun horretan eta aurreko hilabeteetan egiten duten lana goraipatzeko. Ez da samurra izaten, erantzukizun handia da eta askotan ez da esfortzu hori aitortzen. Finean, gustatzen zaigulako egiten dugu, eta ikaragarri ondo pasatzen dugu begiraleok.

Noizbait huts egin al duzu?

Urte pare batez eskiatzera joan ginen inauterietan, bizpahiru egunerako. Gainontzean, ez dut sekula inauteririk galdu, ezta sekula galduko ere, printzipioz behintzat.

Dena prest datozen egunotarako?

Tradizioari jarraituz, ez. Kuadrilarekin mozorrotzen hasi ginenetik behin ere ez ditugu gauzak garaiz egin izan. Nik uste dut gustatu ere egiten zaigula adrenalina puntu horrekin ibiltzea. Oraindik ez dugu inoiz ere hutsik egin, eta batetik ez bada bestetik bilatzen dugu modua inauteriak hasterako dena lotuta izateko. Beti pentsatzen dut noizbait ikasiko dugula.

Hausterre egunean esnatzen zarenean, zer pentsatzen duzu?

Kostatzen zait esnatzea, inauteriak amaitu direla onartze hori apur bat atzeratze aldera. Balorazio eta aje eguna izaten da, eta ajea handia bada, bezperako ibileren balorazioa ere ez da txarra izango. Errealitatera itzultzeko unea da, baina egia esan, pasa badira ere, ondo pasa izanak, ez dit inongo penarik sortzen.

 

Tragoxka batean

Egunik onena. Ezin dut bat aukeratu, baina astelehenita

Inauterietako une bat. Asteartita gauean txarangarekin abiatzekoa.

Mozorro gogoangarri bat.  Esbandieratori Tolosarri konpartsa atera genuenean, denen aurretik kaja jotzen atera nintzenekoa.

Abesti bat. Hunkigarriena Troika, baina nire kuttuna Baila Negra.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!