Tolosako Euskal Herria plazan kokatu dute aurten ere Txosna gunea. Herriko zortzi eragile ari dira bertan lanean, jai gune alternatiboa sortuz, elkartasuna oinarri hartuta. Txosnak inauterien eta Euskal Herriaren parte direla aldarrikatzen dute, aparte ez uzteko eskatuz.
2011. urtearen amaieran hasi ziren Txosna batzordea osatzen. Zortzi eragile agertu ziren bileretara, eta udaletxearekin lehen bilera urtarrilean egin zuten. Arlo honetan, eta batzordeko kideen esanetan, udal aldaketaren eragina nabarmena izan da: «Aurten udalarekin eztabaida gutxiago izan ditugu, eta erraztasun handiagoak jarri dizkigute. Aurreko urteetan eztabaidan galtzen genuen denbora hori, beraz, lanerako erabili dugu».
Lan horren barruan kontzertuak antolatzearena zegoen. Hamaika taldek joko dute txosna gunean inauterietan. Batzordeko kideek, herriko eta inguruko taldeei eman nahi izan die aukera, eta ondorioz, bertan izango dira Switch, Potentor eta Gugaz bezalako taldeak.
Antolatzaileek gozatzeko aukera ere izango duten arren, inauterietan gogotik egin beharko dute lan. Iganderako eta astelehenerako, adibidez, 120 lagun elkartu behar izan dituzte turnoak egiteko, txosna guneak auzolanean funtzionatzen baitu. Urterik urte, turnoetan, gero eta tolosar gehiagok parte hartzen dutela ere nabarmendu dute batzorde kideek.
Berrikuntzen artean, bi datu aipatu dituzte: lehena, aurten asteartean txosna gunea ez dutela zabalduko, azken urteetan jende oso gutxi ibiltzen zelako inauterien azken egunean; bigarrena, baso gogorrak ez direla erabiliko, azken urteetan ez baitzuten bat ere berreskuratzen, eta ondorioz, ingurugiroari lagundu baino kalte egiten zitzaiolako.
Egitaraua, Euskal Herri plaza
Hilak 17, gaur
Ostiral Mehea
18:00etan. Txosna gunearen irekiera.
22:00etan. Switch, Potentor eta Gugaz taldeen kontzertuak.
Hilak 18, bihar Zaldunita bezpera
18:00etan. Txosna gunearen irekiera.
22:00etan. Egurra ta Kitto Ze Esatek
eta Resaka taldeen emanaldiak.
Hilak 19, etzi Zaldunita
16:00etan. Txosna gunearen irekiera. Inauterietako aurreko egunekin alderatuta, bi orduz aurreratuko dute jai eremuaren irekiera ordutegia.
18:00etan. Laket taldearen kontzertua.
22:00etan. Kituka Burundi talde afrikarraren doinuak eta Itzel erromeri taldearen emanaldia.
Hilak 20, Astelenita
16:00etan. Txosna gunearen irekiera. Zaldunitan bezala, goizago irekiko dute Astelenitan txosna.
00:00etan. 3 gabe 2 eta Bad Sound System taldeen emanaldia.
Datua
8
Herriko eragileak. Txosna gunean herriko zortzi talde ari dira lanean. Alde batetik, inauterietan jai gune alternatibo bat egotearen aldeko apostua egin dute, eta bestetik, urte guztiko ekitaldiak aurrera eramateko beharrezkoa duten diruaren zati bat biltzeko antolatu gunea. Txosna Euskal Herriaren parte ta ez utzi aparte mezua ere zabaldu nahi izan dute. Hauek dira eragileak: Bilgune Feminista, Gazte Independentistak, Ikasle Abertzaleak, Jatorkin, San Blaspiko Gazte Asanblada, Bai Euskal Herriari, Euskal Herria Sozialista eta AHT Gelditu! Elkarlana.