Inauterizale Kuttun izendapenak erabat hunkitu du Eduardo Chocano (Tolosa, 1937). Ume-umetatik inauterien saltsan ibilitakoa da bera, eta Tolosako inauterizale ezagunenetako bat.
Festan parte hartzeaz gain, ordea, bere inprimategian inauterietako hiru aldizkari egindakoa da bera. 1961, 1965 eta 1967 urteetan argitaratu ziren aldizkariak, eta Chocanoz gain, hainbat lagunek ere idazten zituzten testuak.
Herritar askok gogoan izango dituzte, oraindik, bere mozorroak: toreroz, tabako saltzailez, italiar patata dendaz nahiz angula saltzailez. Tolosako inauterietan «denetik» egin duela dio berak, eta denetik bizi izandakoa da, polizia etxera bila ere joan baitzitzaion behin, 1.000 pezetako gezurrezko bileteak karrozarako inprimatzeagatik.
Gaur, Kabi Alai elkarteko Udalbatzak Inauterizale Kuttunaren izendapena emango dio, eta 12:00etako txupinazoan udaletxeko balkoian izango da, hainbeste maite dituen jaiei hasiera emateko.
Gaur, Ostegun Gizena, Inauterizale Kuttun izendatuko zaitu Kabi Alaiko udalbatzak. Zer da zuretzat izendapen hori jasotzea?
Poz handia izan da niretzat, segituan hunkitzen naiz. Urte asko daramatzat inauterietan ateratzen; 1950 urtean jada ateratzen nintzen. Ni 1937an jaio nintzen , eta hamahiru urte baino gutxiagorekin inauterietan ateratzen nintzen, batarekin ez bazen, bestearekin. Ez dut beste inauteririk ezagutu, baina gehien gustatu zaidana izan da beti inauteria. Betidanik bizi izan ditut inauteriak, eta baliabide gutxiekin gainera.
Inauteriak urteko egunik garrantzitsuenak dira zuretzat?
Bai, hala dira. Adinean aurrera goazen heinean, gaztetako grina hori ere galdu egiten da pixkanaka, baina poz handiz ikusten ditut alabak eta bilobak mozorrotuta, festaz gozatzen.
Noizbait hutsik egin al duzu?
Txiki-txikitatik beti atera izan naiz, trajearekin, txilabarekin, pijamarekin, amonaren gona batekin edo edozer gauzarekin. Behin, ordea, oso inauterizalea zen lagun min baten heriotza zela eta, haren senide eta lagun guztiak Aurizberrira (Nafarroa) joan ginen inauteriak pasatzera; tristea izan zen.
Nork helarazi zizun inauteriekiko grina hori, gurasoek?
Aita Espainiako Gerran hil zen, eta ama Frantziara joan zen erditzera; han jaio nintzen ni. Hilabete nuela, ordea, Tolosara etorri ginen. Ni festaren erdi-erdian bizi izan naiz, Rondilla kalean, eta Dianaren doinua entzun orduko jeikitzen nintzen; ezin izaten nuen ohean geratu.
Nola prestatzen zenituzten karrozako antzerkiak?
Askotan zineman ikusitako gauzak izaten ziren. Adibidez, El negro zumbón filma eskaini zuten behin, eta abestia ezaguna egin zen. Tolosar bat abesti hura dantzatzen atera zen inauterietan, eta sekulakoa izan zen hura.
Eta karrozetarako materiala lortzeko nola moldatzen zineten?
Ez genuen ez pinturarik, ez iltzerik, ez egurrik, ez ezer. Baina ahal genuena egiten genuen, egurra handik eta hemendik lapurtuz. Zer egingo genuen ba, erosi? Ez genuen dirurik!
Mozorroak ere arruntagoak izango ziren lehen.
Lehen ez zen hainbeste jende mozorrotzen, eta gainera, mozorroak garestiak izaten ziren; gaur egun, lau sosekin mozorroa eros dezakezu. Gogoan dut, Donostiako denda batek jantziak alokatzen zituela, eta Imperio Argentinarena han eskuratu nuela. Beste behin, toreroaren jantzia alokatzeko, 100 pezeta ordaindu nituen, tailerrean ordu asko lan egin ondoren; garai hartan diru asko zen hura! Urte hartan, ni torero jantziarekin atera nintzen, eta laguna andregai jantziarekin; Atotxa futbol zelaiko bazkideak ginen, eta mozorrotuta joan ginen partidua ikustera. Pentsa zer nolako zalaparta sortu zen! Partidua ere geratu egin zuten, izan ere, han inor ez zen mozorrotzen.
Eta zuk jantzitako mozorrorik gogoan al duzu bereziki?
Behin tabako saltzailez mozorrotu ginen, 1960an. Ni alemaniara joan nintzen, arte grafikoen azoka batera, tipografo lana bainuen. Nazioarteko azoka zen, eta azokan goizeko zortzietan sartu eta 20:00etan ateratzen ginen. Gauetan, azokara joaten ginen langile guztioi harrera moduko bat egiten ziguten hotelean, eta bi neska ateratzen ziren kankan gonak jantzita. Batek zigarroak saltzen zituen eta besteak argazkiak ateratzen zituen. Argazkiak Tolosara bidali zizkidatenean, lagun bati erakutsi nizkion, inauterietarako ideia moduan. Zirriborro bat prestatu genuen udalari bidaltzeko, garai hartan moralarekiko arauak bete behar baitziren, eta baimena behar zen konpartsaren bat ateratzeko.
Baimena lortu al zenuten?
Kankan gonarekin mozorrotzea debekatu egin ziguten, Bartzelonan gona haien bila ibili ondoren. Azkenean galtza batzuk egin behar izan genituen, eta azken orduan horrela atera ginen. Hori Astelenitan izan zen, eta arrakasta izugarria izan genuenez, alkateak gutun bat bidali zigun, Asteartitan berriro ateratzeko esanaz. Ez baginen ateratzen, lehiaketatik kanpo utziko gintuela esan zigun. Azkenean, ez genuen sosarik jaso mozorroagatik, gonak etxean geratu ziren, eta tabakoa salduz irabazi genuen diru apur hura Frontoiko dantzaldian lapurtu ziguten.
Frankismo garaian nola bizi izan zenituzten inauteriak?
Ahal genuen bezala. 22:00etatik aurrera ezin izaten genuen ez tabernetan, ez inon egon. Ordutegia jartzen zuten: urte batean 22:00ak, bestean 23:00ak, bestean 00:00ak,... Urteak aurrera zihoazen heinean, ordutegia zabaltzen zuten, baina ez gehiegi. Orain, berriz, gau osoan egin daiteke parranda.
Urte haietako pasadizoren bat gogoan duzu?
Asko ditut, bai. Karrozarako bozgorailuak alokatzen genituen, Donostian. Kablea, ordea, etxebizitzaren batera bota behar izaten genuen, konektatu eta argi indarra izateko. Balkoietan zeudenei galdetzen genien ea etxean konektatuko zuten; etxeetakoek, batzuetan, 125 cv zituztela esaten ziguten, eta noski, guk 220 cv genituen. Behin, Rondilla kalean, ezkaratze oso bat argi indarrik gabe utzi genuen! Fusibleak lehertu egin ziren.
Inauteriak aldatu al dira?
Lehengo inauteria eta oraingoa bi gauza desberdin dira. Lehen kaleko jendea ez zen mozorrotzen. Ni, lau trapurekin bazen ere, beti atera izan naiz mozorrotuta. Nire ustez, gainera, orain, hainbeste musikak eta dantzak trakestu egiten dute ibilbidea. Karrozak Araba etorbidean jartzen dira, eta San Frantziskora iristen direnerako 14:00ak edo 15:00ak izaten dira. Nire ustez, dantza egiten dutenek karrozen atzetik atera beharko lukete, edo bestela, irteera ordua lehenago jarri beharko litzaieke hauei, karrozak gero behar bezala etortzeko. Gainerantzean, oso ondo iruditzen zait gazteek gauzak antolatzeko gogo hori izatea. Karrozak nola egiten dituzten ikustea, zer nolako arretaz, oso pozgarria da.
Gaur egun nola bizitzen dituzu inauteriak?
Nik, orain, inauteriak nire alabekin eta bilobekin pasatzen ditut, haiekin gozatuz. Orain ez naiz karrozetan ateratzen, 75 urte egin behar baititut, eta 20 urte nitueneko sasoiak ez du irauten. Hala ere, beti inauterien barruan izaten naiz: txilaba janzten dut batzuetan, edo aurkitzen dudan zerbait. Izan ere, garaje guztia mozorroz bete nuen, eta azken uholdeek arropa guztiak eraman zizkidaten. Eta adin honekin ez naiz hasiko berriro mozorroak erosten!
Txarangek garrantzia al dute inauterietan?
Bai, oso garrantzitsuak direla uste dut, eta jende askok salto egiten du. Zezen-festaren ondoren kalejirari begiratuz gero ikusten da zenbat jende joaten den saltoka. Oso pozgarria da hori.
Abesti kuttunik ba al duzu?
Inauterietakoak den-denak gustatzen zaizkit. Gainerantzean, zarzuela eta opera entzuten ditut.
Inauterietako une bat aukeratu beharko bazenu?
Alborada asko gustatzen zait. Orain ez naiz beti joaten, baina nire alabek ez dute hutsik egiten. Diana ere oso polita da; askotan joaten nintzen.
Hausterre egunean zer pentsatzen duzu?
Kalean pasa ditugun ordu guztien nekea errekuperatu behar izaten dela!
Zer esango zenieke gazte tolosarrei?
Inauterietan horrela parte hartzen jarrai dezatela esango nieke, jarrai dezatela poz horrekin gauzak eginez.