Lurperatzearen aldeko lantaldeak bide judiziala jorratzea aztertuko du

tolosa 2012ko otsailaren 15a

[/caption]

Tolosako Larramendi auzoko lurperatzearen aldeko lantaldeak argitu duenez, aurrerantzean lurperatzea egitearen aldeko ekimenak burutuko dituzte. Eta zentzu honetan, obren sustatzaileei burofax bat bidali diete urbanizazioa «saldu eta iragarri» zitzaien moduan gauzatu dezaten eskatuz. «Hau da, erosketan zehar saldu zitzaigunarekin eta gure eskriturak loturik dauden arau subsidiarioekin ados», azaldu dute lantaldeko partaideek. Eskaera gauzatu ezean, «kaltetuak garen aldetik» bide judiziala hartzera behartuta egongo liratekeela diote lurperatzearen aldekoek.

Horiek horrela, lantaldeko kideek bizilagun arruntak direla nabarmendu nahi izan dute: «Gure ekimenak ez daude politikara bideratuta, bizilagun arruntak gara, bakoitzak bere ogibidea du eta gure eskubideak defendatzeko lanean ari gara». Partaidetzaren alde egon daitezkeela diote, baina «ez eskubide batzuen urraketen gainetik». Zentzu honetan Tolosako Udalak proposatutako erreferendumari zentzurik ikusten ez diotela diote: «Gure etxea urbanizazio batekin saldu ziguten, lurperatzearekin, plaza handi batekin, ia autobidera iristen den Uzturre kalearekin. Ordaindu eta gero beste gauza bat eman nahi digute».

Batzordea utzi dute

Era berean, udalak bideratutako batzordea lehen bilera eta gero utzi izanaren arrazoiak ere eman dituzte. Batetik, beren ustez udalak sustatzen duen partaidetza «hitz hutsa» da: «Ia ezer erabakitzeko helburuarekin sortu da partaidetza batzordea. Bakarrik auzokoei bi aukeren informazio parekatua zein formatutan iritsiko zaien bideratzeko».

Batzorde horretan proiektuak hobetzeko lekurik ez dagoela ere esan dute, eta baita erreferendumean plataformako kideen parte hartzearekin udalaren «ustezko» partaidetza «zuritzea» eta hau legitimatzea besterik ez lukeela lortuko udalak.

Urtarrilaren 31ko osoko bilkuran onartutakoaren inguruan ere hitz egin dute lantaldeko kideek. «Nahiz eta udalak adostasun batzarrarekin hitzartutako akordioari esker, obraren sustatzaileak edozein erantzukizun judizialetik aske geratuko diren eta erantzule udala bera izango den, guk beti sustatzaileak salatuko ditugu beraiek baitira gurekin hitzarmena dutenak. Hala ere, gure ondoeza adierazi nahi dugu udalak  bizilagunekiko egiten ari den ekintzetan erakusten ari den gardentasun eza dela eta».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!