Zezen suzkoak kaleak aztoratuko ditu, bihar

Ataria 2012ko otsailaren 15a

Ero Etxe elkarteak hamabost urte daramatza zezen suzkoa antolatuz inauterietan. Hasieran Astelenitan antolatzen zuten, baina iaz aldatzea pentsatu zuten eta Ostegun Gizen eguneko arratsaldean egitea erabaki zuten. Iazko arrakasta ikusita aurten ere berriro egun berean egitea pentsatu dute. Ero Etxe elkarteko Isitxo Larrañagak gonbitea luzatu dio jendeari ekitaldian parte hartzeko: «Badago abesti bat, Idiarena, Tolosako zezen suzkoari buruz hitz egiten duena, eta elkartean atera zen ekitaldia antolatzearen ideia. Herritarrei zezen suzkoan parte hartzera gonbidatzen diogu, berea egin dezatela ekitaldia». Astelenitatik Ostegun Gizenera pasatzea ekitaldia indartzeko asmoz egin da: «Astelenitan konpartsa asko ateratzen dira eta zezen suzkoa galduta gelditzen zen. Iaz jende gehiago animatu zen eta ea gero eta gehiago animatzen diren».

Sua darion zezena, beraz, aurten ere bihar aterako da. Musika eskola ondoko iturritik hasiko du ibilbidea, 19:30ean. Bi zezen handi aterako dira, helduek eramateko. Beste bi txikiagoak izango dira, eta gaztetxoek eraman ahalko dute. Zezenak elkartearenak dira. Rondilla kaletik gora joango dira eta Trianguloan bukatuko dute ibilbidea. Trianguloan, gainera, zezen txikiak gainean eraman nahi duten gaztetxoek aukera izango dute horretarako, beraien artean txandatuz. Larrañagak dioenez, «Ero Etxe elkarteak antolatutako ekitaldiak gaztetxoei zuzendutakoak izaten dira, eta zezen suzkoaren asmoa ere hori da».

Aurten, helduen danborrada aurreratu denez, zezen suzkoa bukatu eta berehala hasiko da. Hala, Ostegun Gizeneko arratsaldeko egitarauan izango diren ekitaldiak bata bestearen atzetik etorriko dira. Zezen plazako zezen festaren ondoren, kalejira egingo da Alde Zaharrera. Jarraian izango da zezen suzkoa, eta ondoren, 20:00ak aldera, hasiko da helduen danborrada.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!