Gustura Amarozko auzo elkartea merkatu txikiak izan duen harrera onarekin

tolosa 2012ko otsailaren 15a

5.400 euro bildu dituzte ekimena zabalik izan duten egunetan, pasa den urtean baino 400 euro gehiago

Iñigo Terradillos  Tolosa

Krisiak krisi, «gustura» daude Amarozko auzo elkarteko kideak, «pozik». Izan ere, elkartetik bultzatzen ari diren proiektua laguntzeko antolatu duten merkatu txikiak «oso harrera ona izan du». Hain zuzen ere, 5.400 euro bildu dituzte, asteartetik igandera bitarte iraun duen ekimenean.

Herenegun egin zuten Amarozko auzo elkarteko kideek bilera merkatu txikiaren inguruko balantzea egiteko. Joxepi Artola elkarteko kideak adierazi duenez, «oso balantze» baikorra egin dute. «Jende ugari igaro da bertatik, eta izan diren salmentei esker, 5.400 euro biltzea lortu dugu, pasa den urtean baino 400 euro inguru gehiago». Artolak dioenez,  egositako txorizoa salgai jarri izanak eragin handia izan du, «jende ugari» erakarri baitu. «Merkatu txikian ezezik, ekaineko eta abenduko azoka berezietan ere jarri ohi dugu mahaia txorizoarekin eta harrera oso ona izaten dugu», adierazi du auzo elkarteko kideak.

Merkatu txikian bildutakoa eta azoka berezietan jartzen duten postuan ateratakoa erabiltzen dute Nikaraguan duten proiektura bideratzeko.

Zortzi urte lanean

Joxepi Artolak dioenez, zortzi urte daramatza Amarozko auzo elkarteak Nikaraguan lanean. «Nikaraguako Malpaisillo herrian kokaturiko Xochilt Acalt izena duen emakumeen zentrora bideratzen dugu laguntza azken zortzi urteetan; urte hauetan aurrerapen handiak egin  dira eta horrek asko pozten gaitu». Izan ere, zentroaren egoeraren berri izateko Nikaraguara joan izan dira auzo elkarteko kideak. «Pasa den urtean Amarozko bikote bat izan zen bertan, eta oso gustura itzuli ziren ikusitakoarekin; era berean, bertatik ere etorri izan dira gurera, nolabait gure lana eskertze aldera, iaz, esaterako».

Emakume gazte, heldu nahiz zaharrak aritzen dira hezten zentroan. Alfabetatzearekin hasten dira, eta zentrotik pasatako hainbat emakume unibertsitatera ere heltzen dira. Hauetariko gehienek nekazaritza edo albaitaritza ikasketak egin dituzte, eta gaur egun bere lursailetan lanean ari direla diote elkartetik.

Era berean, genero ikuspegia aintzat hartzeko prestakuntza jasotzen ari dira zentrora joaten diren emakumeak. Elkartetik adierazi dutenez, bide honetatik, Nikaraguako herrialdi hori garatzeko ekintzaile dira, parte hartzearen bultzatzaile izateaz gain.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!