Tolosako Arriaran zerbitzugunearen ondoan, iparraldeko N-1eko loturan, biribilgunea egiteko eta finantzatzeko eskaria egin zioten Gipuzkoako Batzar Nagusiek Foru Aldundiari, atzoko osoko bilkuran. Biribilgunearen obra burutzeko proiektu berria egiteko eskatu diote aldundiari, aurrekoan «antzemandako akatsak» zuzentzeko. Aurtengo ekaina baino lehen, Tolosako Udalarekin hitzarmen berri bat sinatzeko ere dei egin diote, eta akordio horretan proiektua finantzatzeko ekonomia-konpromisoa jasotzeko. Azkenik, 2014 urte bukatu baino lehen lanak bukatzeko eskaria egin diote.
Atzo onartutako ebazpen proposamena EAJk, PSE-EEk eta Bilduk adostu dute. Alderdi jeltzaleak ohar batean azaldu duenez, «nahiz eta foru aldundiak biribilgune hori egiteari uko egin zion, besteak beste, ekonomia egoera dela eta, EAJk aldundiaren konpromisoa lortu du lan hori egiteko». Hain justu, Aintzane Oiarbide EAJko batzarkide taldearen bozeramaileak adierazi duenez, proiektuak zituen arazoak erabili ditu Bilduk egitasmoa «behin eta berriz gelditzeko». Arazoak «aurreko gobernuak konpondu ditu», esan du Oiarbidek.
EAJko bozeramaileak arazo horien berri eman du: «Arazo nagusiena Oria ibaiaren ondoan daude hegalak ziren. Horiek izan ziren Uraren Euskal Agentziaren proiektuaren aldaketaren eskariaren arrazoia. Eskari hori aurreko legealdia amaitu baino lehen adostu zen. Beste bi arazo ura banatzeko hodi bat eta saneamenduko kanalizazio bat ziren».
Oiarbidek gaineratu duenez, «sarrera berri honi esker tolosarrek zein Tolosara sartzen direnek N-1 errepidearekin lotura egokiagoa izango dute». Ildo beretik, Jokin Azkue Tolosako EAJren zinegotziak bere alderdiaren lana nabarmendu du: «EAJren lanari esker, aldundiak biribilgune hori egitea lortu dugu. Proiektua gure herriaren etorkizunerako ezinbestekoa da».
Tolosako udal gobernuak, bere aldetik, Batzar Nagusiek onartutako ebazpena Tolosarentzat «berri pozgarria» dela azaldu du, eta horren arrazoiak zehaztu ditu: «Herriarentzat garrantzizkoa den azpiegitura bat legealdi honetan egin egingo delako eta Tolosako udal plenoak onartutako hitzarmen berri baten eskaerari baiezko erantzuna eman diolako».
Bestalde, udal gobernuak azpimarratu duenez, «onartutako hitzarmenak zuzendu egiten ditu orain arte hitzartuta zegoen proiektuak agertzen zituen akats larriak: ur agentziaren aurkako txostena, ibai ertz batetik pasatzen den hodia kontutan hartu ez izana, edo egituraren diseinuan agertzen zituen arazoak. Beharbada, hauteskunde urgentziek eragindako presen ondorioak guztiak ere, tajuzko tramitazioari begira baino hauteskundeei begirako etekin politikoak lortzera bidaratuta».
«Gabezi» horiek tarteko, aurreko hitzarmena bertan behera utzi beste erremediorik ez zegoela eta proiektua berridatzi beharra egon dela gaineratu du udal gobernuak, «horrek eragin dituen atzerapen eta gainkostuekin».
Udal gobernuak bere lanak «arduraz» egin dituela esan du eta diputazioari eskatu dio obraren proiektua eta exekuzioa «ardura berberaz» egin ditzala.