Tolosako haur eta gaztetxoei inauteriekiko zaletasuna kutsatzeko helburuz sortu zen, beste urtez betez kalderero egunean Aiz Orratz-Veleta elkarteak antolatuko duen haur jaialdia: «Egitaraua herritar guztientzat eta adin guztietako jendearentzat egiten dute inauterietan, baina gure jaialdian haurrei ematen diegu protagonismoa, txikitatik inauteri giroa ezagutzeko helburuz», dio antolatzaileetako batek.
Etzi, 16:00etan txaranga elkartetik irtengo da, eta ordu erdi beranduago hasiko da haur jaialdia, Leidorren; Aiz Orratz-Veleta elkartekoek ikusleak txantxoz jantzita joateko deialdia zabaldu dute. Lierni Karrerak eta Joseba Usabiagak aurkeztuko duten ikuskizunean, Xurdin, Jonmagic nahiz marrazki eta mozorro lehiaketa izango dira, besteak beste.
Mozorro eta marrazkien lehia
Haur jaialdiko ikuskizunaz gain, marrazki eta mozorro lehiaketa izaten dira kalderero egunean. Aiz Orratz-Veleta elkarteak, Tolosako eta inguruko herrietako ikasleen marrazkiak jasotzen dituzte; guztira, 2.400 marrazki inguru. Epaimahaiari dagokionez, Tolosako ikastetxeetako irakasleak aritzen dira marrazkiak aukeratzen: «Elkarteko kideok antolakuntzari dagozkion gauzak besterik ez ditugu egiten: kartelak erakutsi, apuntatu, eta abar».
Mozorro lehiaketako parte hartzaileak, berriz, haur jaialdiaren aurretik mozorrotuta joaten dira epaimahaiaren aurrera, eta jaialdian bertan jakinaratzen zaie epaia. Horrela beraz, larunbatean 15:00etan Harizpe jubilatu elkartean izango dute hitzordua. Kasu honetan, epaimahaiko kideak inauteri jantziak eta antzekoak egiten eskarmentu handia duten jostunak izaten direla azaldu dute antolatzaileek.
Larunbateko mozorro lehiaketan parte hartu nahi duten haur eta gaztetxoek, Aiz Orratz-Veleta elkartean izena eman dezakete, egunero, 18:00etatik 20:00etara bitarte.
Sarreren prezio sinbolikoa
Aurten, lehenengoz, haur jaialdia ikusteko sarrera ordaindu egin beharko dute herritarrek, prezio sinboliko batekin.
Leidor aretoa eraberritu zuten arte, Tolosako Beotibar pilotalekuan izaten zen Aiz Orratz-Veleta elkartearen inauterietako haur jaialdia. Orain, ordea, Leidor aretoan ospatzen dute festa. Antolatzaileek azaldu dutenez, azken urteotan aretoko eserleku kopurua baino ikusle gehiago izaten ziren, eta hori arazo bihurtu zaie elkartekoei: «Eusko Jaurlaritzak ikusle kopuruaren muga kontrolatzeko eskatzen du horrelako jardueretan, bestela ezin baita ikuskizuna egin. Hau dela eta, gonbidapenen sistema erabiltzea erabaki genuen; izan ere, guk beti pentsatu izan dugu haur jaialdia dohainik ikusi beharrekoa dela. Gonbidapenekin, ordea, zera gertatzen da, jendeak behar baino sarrera gehiago hartzen dituela, eta gero eserlekuak ez direla betetzen, beste herritar batzuk sarrerarik gabe kanpoan geratzen diren bitartean».
Honen aurrean, elkarteak euro bateko prezioan sarrerak saltzea erabaki du. Alde batetik, herritarrek behar dituzten sarrerak bakarrik erostea nahi dute, eta bestetik, sarrerari nolabaiteko balioa ematea. Antolatzaileek argi utzi nahi izan dute Aiz Orratz-Veletak eta udalak ez dutela sarreren dirurik jasoko; jaialdiko goxoki, opari eta antzekoak ordaintzeko baliatuko dute dirua.
Larunbatean, 11:00etatik aurrera salgai jarriko dituzte sarrerak, Leidor aretoko lehiatilan; mozorro lehiaketako parte hartzaileek, berriz, ez dute sarrerarik ordaindu beharko.