Egoitz Zalakain: «Zure buruaren aurkako borrokak egiten du kirola polita izatea»

Tolosaldeko Ataria 2012ko ots. 8a, 11:11

Indartsu hasi da aurten Atletico San Sebastian taldeko Egoitz Zalakain (Tolosa, 1980) triatloilaria. Neguko triatloian, Espainiako Txapelketako azpitxapelduna izan berri da Jakan (Espainia). Aurrera begira, iaz Challenge Kopenhageko proban egin zuena hobetu nahi du.

Neguko traitloian Espainiako azpitxapelduna izan zara. Iaz bosgarren izan zinen. Espero zenuen aurtengo emaitza?

Neguko triatloian espezialistak direnak eta hori prestatzen dutenak daude. Nik ez dut bereziki prestatzen. Orain urte batzuk proba guztia elurretan izaten zen eta nik orduan ez nuen parte hartzen. Iaz berreskuratu zen hasierako formatuarekin, hau da, korrika eta bizikletarekin errepidean egiten duzu eta gero eskiatuz amaitzen duzu proba. Beraz, berriro hasi nintzen, eta iaz ondo joan zitzaidan. Aurten Jakan zen proba; ez nuen bereziki prestatu, baina ondo atera zitzaidan.

Kirol munduan, neguko ala udako triatloian hasi zinen?

Hain justu nire lehenengo triatloia Jakan egin nuen, 18 urterekin. Betidanik kirol dezente egin ditut eta iraupen eskian ere lehiatzen nintzen. Unibertsitateko lagun baten bitartez egin nuen Jakako triatloia. Beraz, lehenengo triatloia negukoa izan zen. Gero, hortik abiatuta hasi nintzen udako triatloiak egiten, eta horretara bideratzen dut, batez ere, nire kirol jarduera. Iaz eta aurten egindako neguko triatloiak proba puntualak izan dira.

Gustura egon beharko duzu, asko prestatu gabe, azpitxapeldun izanda.

Bai, oso gustura. Ez zen esperotako zerbait. Ez zen helburua; proba ondo atera zen eta emaitza hori lortu nuen.

Txapelduna, Jon Erguin, eta zu batera joan zineten proban zehar.

Jon Erguinek neguko triatloiak prestatzen ditu. Banekien indartsu zegoela, lagunak gara, Jakan egin nuen lehenengo triatloia berarekin egin nuen... Jakinik neguko triatloietan ibiltzen direnak baino hobeto aritzen naizela korrika, eta eskiatzen agian huts egingo nuela, aprobetxatu nintzen Jon hor zegoela eta talde lana modukoa egin genuen. Korrika aurrera egin nuen eta gero bizikletan itxoin egin nion, batera joateko. Ondo konpondu ginen, eta eskiatzen hasterako lasterketa erabakita utzi genuen.

Beste neguko triatloirik ez duzu egingo, beraz.

Ez, orain hobeto moldatzen naiz distantzia luzeko triatloietan, Iron Man-eko distantzietan. 2007an belauneko lesio garrantzitsu bat izan nuen, eta pixkana berriz hasi naiz martxa hartzen. Iaz Kopenhagen lasterketa oso ona egin nuen. Mundu guztiko bi mila lagunek parte hartu zuten, tartean onenetakoak, eta seigarren egin nuen. Ikusi nuen zenbaterainoko ahalmena nuen. Aurten berriz egin nahi dut, baino ondo-ondo prestatu nahi dut. Ezin dira gauza guztiak batera egin. Helburua da abuztu aldean ondo egotea; horregatik aukeratu egin behar da.

Ez da postu makala seigarren egitea horrelako proba batean. Zer denbora egin zenuen?

8 ordu eta 26 minutu; Iron Man distantzian Espainiako inoizko seigarren onena.

Aurtengo denboraldia lasterketa horretara bideratuko duzu. Zer beste proba egingo dituzu?

Lasterketa hori da garrantzitsuena, eta egiten ditudan besteak horren arabera izango dira. Oraindik ez dut guztiz zehaztu.

Kopenhagen profesional mailan aritzen diren batzuen aurretik bukatuko zenuen.

Profesionalak asko zeuden, eta, bai, batzuen aurretik sartu nintzen.

Eta profesional mailan aritzeko zer behar da? Asmorik baduzu horretarako?

Oso zaila da; dirua babesle pribatuetatik lortzen da, eta herrialdeak zeresan handia du. Euskal Herrian eta Espainian ez dago dirurik horretarako. Laguntzak lortzen dira, dirua ateratzen da, baina ez bizitzeko hainbeste. Beraz, ez da nire helburua profesionala izatea.

Halere, zure mailan aritzeko, asko entrenatu behar da.

Bai, ia bizitza horren inguruan egiten duzu. Kirolaria baldin bazara, gauza guztietarako zara.

Zenbat ordu entrenatzen duzu egunero?

Prestaketaren arabera izaten da hori; astean hogei ordu inguru. Ez da sakrifizioa; aukera bat da: zure bizia antolatzen duzu kirolaren inguruan.

Hemendik urte batzuetara zailagoa izango da maila horretan aritzea.

Azkeneko Iron Man-eko mundu txapelketa irabazi duenak ia 40 urte zituen. Nik 31 urte ditut eta urtetik urtera hobetzen ari naiz. Hobetzen ari zarela ikusten baduzu, helburuak jarri eta ilusioa duzula... Iazko lasterketan espero gabe seigarren bukatu nuela ikusita, gauza onak egin daitezkeela ikusita, sekulako indarra eta ilusioa ematen du ahalik eta gehiago hobetzeko.

Udako triatloian, hau da, igerian, bizikletan eta korrika, zertan moldatzen zara hobeto?

Igeri egiten okerrena. Korrikan eta bizikletan antzeko. Iaz maratoia egin nuen oso ondo Kopenhageko proban, bi ordu eta 45 minutu eginez. Iron Man baterako oso ona da. Hiru ordutik oso gutxi jaisten dira.

Igeriketa bereziki prestatu behar izan duzu triatloian aritzeko?

Bai, txikitatik igerilariak ez garenak izan, ikasi beharreko gauza bat da eta gehiena kostatzen dena da.

Kopenhagera irabazteko asmoz joango zara?

Ez dakit zer postu egingo dudan, nire burua gainditzeko egiten dut kirola; irabazteko besteen kontra egin behar duzu. Ez da helburua irabaztea, ez dut horretarako entrenatzen. Nire helburua iazkoa hobetzea da.

Halere, horrelako proba luzeetan edozer gauza gertatu daiteke, eta denbora asko galdu.

Arazo asko gertatu daitezke, baina prestaketaz gain, exekuzioa ere garrantzitsua da: erritmoa gaizki kalkulatzen baduzu, dena gaizki joaten zaizu; baina horregatik da polita ere.

Buruak ere garrantzi handia izango du, batez ere, distantzia handiko triatloietan.

Fisikoki ondo egon behar zara eta prestaketa egin behar duzu, baina aurrera segitzeko buruak egiten duen lana da garrantzitsuena.

Zure gorputza ondo ezagutu behar duzu.

Lasterketa hauetan hainbeste gauza gertatu litezke... Zailena da ordu guzti horietan kontzentratuta mantentzea, zure buruari exijitzea eta erritmoa ez jaistea. Ez da proba erraza, baina niretzat behintzat hori da politena: ez da bakarrik alde fisikoa; kirola norbere burua gainditzea da eta hemen parte handi bat hori da, zure buruaren kontra egin behar duzun borroka hori, eta horrek egiten du oso polita. Lasterketa luze hauek duten onena da, momentu txar guztiei buelta eman ondoren, helmugara iristean lortzen duzun poza.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!