Gutuna: Tolosako alkate jaunari

Ataria 2012ko otsailaren 7a

Zure karguak merezi duen errespetuarekin, nahiz eta jakin badakidan idatzi hau irakurtzeko tartetxo bat kendu beharko dizudala.

Jakingo duzunez, 33 urte daramatzat udaleko festa batzordean parte hartuz.

Idatzi honen bidez gogora ekarri nahi dut aspalditik (ideiaren aitzindari bezala) egiten ari naizen eskaria. Hain zuzen ere, proposatu nahi dizut, alkate zarenez, udal horrek azter dezala Tolosak inauteriaren museoa izateko aukera. Museo horretan toki bat izango lukete tolosar inauterizaleen ekarpen ugariak Jeiki Jeikin ikusi ahal izan den moduan. Hau da: artxiboak, argazkiak, kartela, pegatinak, pelikulak, jantziak, liburuak, partiturak, diptikoak, etab...

Eskari hau, tolosar bezala, ez dut uste nirea bakarrik denik. Ziur nago inauterizale bat baino gehiagoren buruan egongo dela, nahiz eta ez duten adierazten (bestetik jakin ere badakit-nola ez bada herri honetan- ideia horren kontra daudenak ere egongo direla).

Tolosan konfiteria museo bat badago, Topic, eta nire galdera da ea zergatik ez duen Tolosak eduki behar museo bat bere festa garrantzitsuenen inguruan, hau da, inauterien gainean. Antzina-antzinatik datozen ospakizunak dira eta Tolosa osoak parte hartzen du bere umorea eta dirua jarriz eta lan eginez. Ahaztu gabe, gainera, inauteriak direla eta kanpotik datorren jendeak Tolosan egiten duen ekarpen ekonomikoa.

Norbaitek esango du Jeiki Jeiki muntatu dutela. Baina ez gaitezen nahastu. Nik eskatzen dudana mostra iraunkor bat da eta Cadizek, esate baterako, badauka. Bide batez esan behar dut 2012an Cadiz izango dela inauterien Europako Hiriburua. (Nire iritziz ezin da inauteri bat beste bat baino hobeagoa denik; denak desberdinak dira eta ezin dira parametroak jarri).

Tolosar honek egiten duen eskaera hau kontuan hartuko duzulakoan eta udalak ere aintzakotzat hartuko duelakoan, har ezazu nire agurra.

Juan Bautista Aranzabe.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!