Tolosaldeko Bilduko udal hautetsiek, bihar, hilak 4, Donostiako Bulebarrean azpiegitura lan handien aurka burutuko den manifestazioarekin bat egin dutela adierazi dute. Atzo, Tolosako pleno aretoan elkartu ziren, eta murrizketen aurrean gehiengo sindikalak deitutako mobilizazioak bere egiten dituzte.
«Hainbat eragilek, Gipuzkoa desberdin baten aldeko hautua aspaldi egin zuten. Gipuzkoaren oinarri garen gipuzkoarron ahots eta hitzak dituzte aintzat eta protagonista. Gipuzkoaren izaera eta izana, gipuzkoarrok erabaki behar dugulako», diote hautetsiek. Azken urteetan, «interes ekonomiko eta alderdikoekin soilik gidatu da. Herriari bizkar emanaz», gaineratu zuten.
Azpiegitura erraldoi ugari, «ezinbesteko eta lehentasunezko» jarri nahi izan dituztela salatu dute: «Abiadura Handiko Trena, errauskailua, Jaizkibelgo superportua edota Hondarribiko aireportua, eta gutxi ez balitz Nafarroan hasi eta Ezkio-Itsasora doan Tentsio Altuko Autopista».
Honen aurrean, «herri desberdinen ordezkari garenok, bat egiten dugu aldarri horiekin. Bat egiten dugu, Gipuzkoak bestelako eredu baten beharra duela dioten horiekin. Dagokigun tokitik eta dagokigun moduan zein dagozkigun ardura guztiekin, gure herrien nortasunetik lan egiten jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu», nabarmendu zuten.
«Gure herrien onura kolektiboak bultzatuko ditugu», azaldu zuten. Eta «gure herritarrentzat bidezko diren eskaerak babestu zein kalean defendatuko ditugu», adierazi zuten.
«Azpiegitura erraldoi guzti horiek, ingurumenean, gizartean eta ekonomian dituzten kalteen inguruko eztabaida sozialik ez da eman, ez eta egiten utzi ere. Egun, bizi dugun egoera ekonomiko latz honetan, azpiegituren eta garapenaren eztabaida guzti hauek pil-pilean ditugu». Eta guztion artean: «zer nolako Gipuzkoa nahi dugunaren norabidean kokatu behar ditugu».
Bestalde, «murrizketen artaziak, egun bat bai eta bestea ere bai, oinarrizko eskubide asko erasotzen ari zaizkigu herritarroi», ekarri zuten gogora. Hori dela eta, «manifestazioa eta gehiengo sindikatuen mobilizazioak ere gure egiten ditugu». Hala nola, «langileriaren eskubide murrizketen aurrean kalera aterako gara. Azken batetan, bi kasuak ere herritarron bizkar erabakiak eta gauzatuak izatea baitute norabide eta helburu».
Bukatzeko, «Euskal Herriak burujabetza ekonomiko soziala behar du», aldarrikatu zuten.