Zortzigarren urtez, Amarozko auzo elkarteak merkatu txikia antolatu du Nikaraguako emakume zentro baten alde.
Hain zuzen Xochilt Acalt du izena emakumeen zentroak, eta Malpaisillo herrian dago; herrialde hartako eremurik behartsuenetakoa da hau.
Xochilt Acalt zentroak, emakume gazte, heldu nahiz zaharrak aritzen dira hezten. Alfabetatzearekin hasten dira, eta zentrotik pasatako hainbat emakume unibertsitatera ere heldu direla jakinarazi dute Amarozko auzo elkarteko kideek. Hauetariko gehienek nekazaritza edo albaitaritza ikasketak egin dituzte, eta bere lursailetan lanean ari dira gaur egun.
Era berean, genero ikuspegia aintzat hartzeko prestakuntza jasotzen ari dira emakumeok, eta bide honetatik, «Nikaraguako herrialdi hori garatzeko ekintzaile dira, parte hartzearen bultzatzaile izateaz gain».
Malpaisilloko zonaldean aurrerapauso nabarmenak eman dituzte azken urteotan, eta Amarozko auzo elkarteko kideek «hori aparta eta bistakoa» dela diote.
Honegatik guztiagatik, eta «honek etenik izan ez dezan», Tolosako herritarren laguntza eskatu dute amaroztarrek: «Pairatzen ari garen krisi larri honek, dudarik gabe eragin negatiboa du emakumeen zentro horrek orain arte jasotzen zuen laguntzan, kultur eta gizarte lanetan aurrera jarraitzeko». Beraz, tolosarrok baino egoera «larriago eta dramatikoagoan bizi diren emakume nikaraguar horientzat gure laguntzaekonomikoa nahitaezkoa» dela gaineratu dute.
Merkatu txikia 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara izango da zabalik, eta nahi duenak, diru laguntza zuzenean ere eman ahal izango du, Kutxako honako kontuan: 2101 0081 15 0124410788.