Pablo Jorge Simao, 2010eko urtarrilean Elena Cal labankadaz erail zuen gizona, persona non grata izendatzeko eskatuko dute udalean mozio baten bidez, Tolosako Bilgune Feministak eta Berdinbide elkarteak.
Pablo Jorge Simaori hasieratik egotzi zioten hilketa, eta espetxera bidali zuten. Epaiketa, ordea, ez zen urte eta erdi beranduagora arte egin; fiskalak hamalau urteko espetxe zigorra eskatu zuen arren, epaileak hiru urte eta erdiko zigorra ezarri zion, «erailketa aurrez pentsatu gabea eta zuhurtziagabekeriazko homizidioa» izan zela leporatuz. Gaur egun, bi urte kartzelan pasa eta gero, Tolosan bizi da Pablo Jorge Simao.
Egoera honen aurrean, lehenik eta behin, Tolosako Bilgune Feministak eta Berdinbidek, «guztiz salatu nahi» dute, epaileak hartu duen erabakia: «Berriz ere agerian geratu da emakume erasotuek justiziaren aurrean duten babesgabetasuna». Kasu zehatz honetan, Elena Cal eskalea izateak «eragin zuzena» izan duela uste dute Bilgune Feministak eta Berdinbidek: «Horrek hirugarren mailako herritar bilakatzen al du? Ahanzturan geratu behar al du bere izateak, eta lur azpian bere duintasunak? Ez gaude horretarako prest».
«Ez goaz kartzela babestera»
Agerraldian, argi utzi dute ez doazela espetxe sistema babestera; beren helburua «epai bidegabe honen ondorioa argi azaltzea» da: «Ondorio nagusietako bat hauxe da: Elena Cal erail zuen gizasemea ezer gertatu ez balitz bezala dabil Tolosako kaleetan».
Honen aurrean Tolosako Udalak ere bere ardura duela uste dute Tolosako Bilgune Feministak eta Berdinbidek, eta hiru eskaera zehatz egin nahi izan dizkiote udalari.
Batetik, Pablo Jorge Simaori diru laguntzarik ez ematea eskatu nahi diote Tolosako Udalari. Era berean, Pablo Jorge Simao persona non grata izendatzeko proposamena luzatuko diete udal ordezkariei. Azkenik, indarkeria sexista sufritu duten, eta gaur egun pairatzen duten emakume guztien omenezko oroigarri bat ezartzea eskatuko diote udalari: «Ahanzturan gera ez daitezen, beste emakume askorekin gertatu izan den bezala».