Gutuna: "8 urte Zuhaitz Eguna antolatzen!"

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko otsailaren 3a

Jadanik Gabonak ahaztuta dauzkagu, hurrengo helmuga Inauteriak dira, eta horrela urtea aurrera doa, etapak gainditzen. Baina 2012an Inauterietan murgildu baino lehenago urtero errepikatzen den beste zita garrantzitsu bat dugu: Zuhaitz Eguna. Tolosan otsailaren 4an ospatuko dugu, zuhaitz eta landareen azoka bereziarekin batera.

Festa honetan pertsonaia berbera izaten da beti, omenaldia jasotzen duena: zuhaitza. Honetan ez dago kontrako  jarrerarik, denok ados gaude merezi duela horrelako ohorerik. Zenbat ordu pasatzen ditugu diru-kontuak ateratzen bizirauteko, edo behintzat pairatzen ari garen egoera ekonomikora moldatzeko! Baina … inoiz pentsatu al dugu nolako kostua izango luketen zuhaitz batek ematen dizkigun zerbitzuek? Eta beharrezkoak dira benetan. Hartu kalkulagailua, eta hasi kontuak ateratzen: itzala eman digute + hiria oxigenatu eta atmosferara isurtzen dugun CO2 finkatu + zarata leuntzen dute+ ingurumen-inpaktuak gutxitzen dituzte + usain gozoa isurtzen dute + lasaitzen laguntzen gaituzte, estresa gutxitzen, bizi kalitatea hobetzen laguntzen digute + aisialdiko jarduerak eta kirola egiteko lekua eskaintzen digute + artelanak eta elementu arkitektonikoak egiteko materiala ekoizten dute + interes turistikoa pizten dute, hiriko diru-sarrera handituz + … Zerrenda luzea da. Izango al genuke dirurik kantitate hori ordaintzeko? Eta hau guztia musutruk, ez hipotekarik ez mailegurik, zuhaitza bai esku zabala!

Gure gizartean diruz ordaintzen dena bakarrik baloratzeko joera dugu, baina oraindik badira, diruarekin ordaintzen ez diren gauza asko.

Eskerrak!!

TIZ-eko lan taldea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!