Eusko Legebiltzarrean administrazioen arteko bikoizketa lantzeko batzorde bat osatu dute. Aste honetan EAEko hiru lurraldeetako alkateak deitu dituzte bertara joan eta bere iritzia emateko gaiaren inguruan. Gipuzkoatik, Ibai Iriarte Tolosako alkatea izan da.
Zer azaldu duzu batzordean?
Udal askok mahai gainean jarri dutena esan genuen, hau da, badaudela zenbait zerbitzu udalak eskaintzen dituenak, berez aldundiak edo Eusko Jaurlaritzak eman behar lituzkeenak. Udalak arrazoi batengatik edo bestearengatik ematen dituen zerbitzuak dira, baina askok finantziazio iturria ez dutenak.
Adibiderik eman zenuen?
Bi adibide eman nituen. Alde batetik, Iurreamendi zaharren egoitza. Bere kudeaketa aldundiak ordaindu beharko luke. Kontzertatuta dago, eta aldundiak dirua ematen du, baina hori ez da nahikoa gastu guztia ordaintzeko, eta beraz, hor sortzen den galera udalak bere gain hartzen du. Azken bederatzi urtetan defizit horrek 1,6 milioi suposatu du. Beste kasua udal euskaltegiarena izan zen. 1983an martxan jarri zen, HABErekin hitzarmena sinatu eta gero. Akordio horretan HABEk irakasle kopuru baten gastua ordaintzeko konpromisoa hartzen zuen eta urtero-urtero diru kopuru hori txikitzen joan da. Azken bederatzi urteetan 1,69 milioi eurotako defizita suposatu du. Argi geratu zen udalak bere gain zama handia hartzen duela. Herritarrei eman beharreko zerbitzuak dira, baina finantziazio falta dago. Defizit horiek estaltzea urtez urte zaila egiten zaigula azaldu nuen.
Eta zergatik gertatzen dira horrelako kasuak?
Gizarte zerbitzuetan lege berriak ateratzen dira sarri, eta lege onak izan daitezke, baina gero askotan finantza arloan berregokitzea falta da, hau da, zein administraziok ordaintzen dion nori zerbitzu hori eskaini ahal izateko. Hori salatzen genuen guk, ezin direla lege berriak atera, horretarako finantziazioa aurrera ateratzen ez den heinean. Batak bestearekin eskutik joan behar du.
Nola ikusten duzu gaur egungo mapa instituzionala?
Eztabaidari ez zaio izan behar beldurrik. Gure nahia izan behar du ahalik eta zerbitzu egokiena ematea herritarrei. Bestalde, mahai gainean jarri nuen Eusko Legebiltzarrean, kontuz ibili behar genuela horrelako gaiak krisi garaian ateratzen direnean. Arazo hau, zenbait zerbitzuen finantziazio falta, udalak betidanik izan du. Garai onak izan direnean ez zaio eztabaida honi eutsi, nahiz eta finantziazio falta egon. Administrazio publiko guztiek batetik edo bestetik dirua biltzeko arazorik ez dute izan, eta udalak, esaterako, dirua eskuratu dute eraikuntzaren bidez. Beraz, eztabaida hauek ez dira izan behar ikusteko nola gastatu daitekeen diru gutxiago, baizik eta zer egin behar dugun ahalik eta zerbitzu onena emateko.