Tolosako Ekinbide Etxeak EHU-Donostiako Orfeoia saria jasoko du ostiralean, Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketa antolatzeagatik. Luismi Espinosa (Tolosa, 1956) da lehiaketaren zuzendaria. Poz handiz jaso dute berria.
Zer suposatzen du jasoko duzuen sariak?
Poz handia, batez ere, zeinek ematen duen ikusita, hau da, kultura arloko hemengo bi erakunde nagusienetakoak direla ikusita; Euskal Herriko Unibertsitatea eta Donostiako Orfeoia. Azken honi dagokionez, guretzat garrantzia berezia du, erakunde horrek abesbatzen mundua ezagutzen duelako. Luxua da etxekoek gure lana aitortzea.
Espero zenuten saria jasotzea?
Ez genekien hautagaiak ginenik ere. Beraiek esan zigutenean jakin genuen. Espero ez izateak ilusio gehiago egiten dizu. Saria ezagutzen genuen, eta galdeketa bidaltzen digute saridunak proposatzeko, baina ez zitzaigun burutik pasa ere saridunak gu izango ginenik.
Aurretik jaso izan duzue horrelako saririk?
Turismoarekin lotutako bi sari jaso izan ditugu, hau da, turismoa promozionatzen dugulako jaso ditugu sariak; 1970. urtean uste dut, eta 2000. urte inguruan.
Beraz, kulturaren alorretik abesbatza lehiaketak jasotzen duen lehenengoa da.
Bai, lehenengoa da. Eta, noski, oso ondo hartzen da. Hobe, egurra baino, sariak jasotzea. Sarien garrantzia emailearen arabera da, eta esan bezala, asko pozten nau Euskal Herriko Unibertsitatea izatea, eta batez ere, Donostiako Orfeoia. Esan beharra dago, lehiaketa antolatzen 44 urte hauetan parte hartu duten milaka lagunen lanari esker lortu dela saria. Beraiek gabe ezinezkoa izango litzateke lehiaketa egitea.
Nolakoa izen zen azkeneko lehiaketa, 2011koa?
Ekitaldi handi bat bezala dut gogoan. Jasotako iritzi guztiak positiboak izan ziren. Kritika bat entzuten duzunean, ikasi egiten duzu, baina mina ematen dizu ere. Iazkoak bereziki laudorioak jaso zituen, bai lehiaketak berak, eta baita Europako Sari Nagusiak ere. Nire aldetik, oso gustura gelditu nintzen euskal abesbatzek egindako lanarekin, bai Landarbasok lehiaketan egindakoa, baita KUPek Sari Nagusian egindakoa ere.
Aurtengo lehiaketaren antolakuntzan murgilduta izango zarete.
Gauza dezente aurreratuta daude, beste kontu batzuetan erantzunaren zain gaude. Orokorrean, nahiko aurreratuta doaz prestakuntzak. Hori bai, ez dakigu oraindik finantziazioaren aldetik zerekin topatuko garen. Gu beste urteetan bezala antolatzen ari gara, baina ekonomiaren aldetik halako ziurtasun eza badugu.
25 urte daramatzazu lehiaketaren zuzendari gisa. Nola mantentzen da urtero Tolosak duen maila?
Egia esan, urtero harritu egiten naiz: mirari txiki moduko bat da. Urtero pentsatzen dut ea zer topatuko dugun. Herrialdez herrialde begiratzen dugu, eta ematen du dena ezagutzen dugula dagoeneko, baina beti azaltzen da koruren bat. Mirari txiki moduko bat da eta nire ustez, lanaren zatirik politena horixe da, ikustea nola osatzen den parte hartzaileen zerrenda. Lan ildo bat dugu hori lortzeko: dagoen onena bilatzen saiatzea. Bide errazago bat egon daiteke, hau da, izena ematen dutenekin zerrenda osatzea, baina horrek ez dizu kalitatea bermatzen. Uneoro jardun behar duzu abesbatza bila, eta bere garai onenean harrapatu.
Nola ikusten duzu hemengo abesbatza kantuaren etorkizuna?
Nik uste dut haurren prestakuntzan gehiago pentsatzen hasi behar garela. Instrumentuen alorrean heziketa badago, baina abesbatza kantuan –nola denok dugun gurekin instrumentua–, askotan, dena ahotsa eta belarri ona izatearen menpe bakarrik uzten dugu. Beraz, prestakuntza gehiago izatea faltan botatzen da.