‘Jeiki!Jeiki’k eta urteroko hitzorduek izan dute 2011n harrerarik beroena

tolosa 2012ko otsailaren 1a

Tolosarrek, urteroko hitzordua duten Leidorreko kultur jarduerei eta Jeiki!Jeiki! erakusketari egin zioten harrerarik beroena 2011n. Hala azaldu du udaleko kultura batzordeak egin duen iazko memorian; liburutegietako, musika eskolako, artxiboko, ikuskizun eta musika emanaldietako, zineko, erakusketetako nahiz jaietako jardueren inguruko xehetasunak bildu dituzte bertan.

Liburutegiak

Aranburu liburutegiko nahiz Errota liburutegiko datuak, 2010ekoen antzekoak izan ziren iaz, udalaren txostenaren arabera. Dena den, udako Usabal liburutegiko datuak «inoiz baino altuagoak» izan direla nabarmendu dute arduradunek: «Nabaria da Tolosaldeko liburutegi gehienak abuztuan itxita daudela».

Bisita kopuruari dagokionez, haur liburutegiko datuek bikoiztu egin zituzten helduen liburutegikoak: «Batzuetan bisita kopurua gehiegizkoa da liburutegiak dituen baliabideetarako». Bide beretik, helduen liburutegiak nabarria da, azterketa gairaian bisitari kopurua igotzen dela; iazko maiatzean eta ekainean, gainontzeko hilabeteetako bisita kopuruak bikoitzak izan ziren ia.

Bi liburutegien kasuan, igo egin da bazkide kopurua, eta tolosarren arteko irakurzaletasuna hazten doanaren seinale izan daiteke, izan ere, 6.500 bazkide baino gehiago dituzte Aranburun eta Errotan. Egindako maileguak, berriz, 34.000 baino gehiago izan ziren 2011. urtean.

Artxiboa internetera zabalduz

Artxiboko daturik nabarmenena kontsultena da; izan ere, posta elektroniko bidez egindako kontsultak izan dira ugarienak, 2011. urtean. Artxiboko arduradunek, azken urteotako joera nagusia dela baieztatu dute: «Gero eta galdera gehiago egiten dituzte internetez». Iaz egindakokontsulta eta ikerketen artean, bat nabarmendu du udalak, txostenean: «Ume desagertuen arazoa dela eta, egin diren eskaeretako asko hilerriko lurperatuen liburuetako kontsultak izan dira».

Kontsultak eta ikerketak jendearen ohitura berrietara nahiz joeretara egokitzeko, Eusko Jaurlaritzak digitalizatzeko ematen dituen diru laguntza bereziak eskatu zituzten iaz. Honen bidez, artxiboko langileek XX. mendeko udal erroldak digitalizatu dituzte.

Era berean, Tolosako Udalak bi langile kontratatu zituen iaz artxiboan aritzeko. Eusko Jaurlaritzaren 7.000 enplegu programaren bidez, bi langile hasi ziren hirigintza artxiboa berrantolatzen, pasa den abenduan.

Tolosako artxiboak, gainera, internetera begirako beste lan bat ere burutu du pasa den 2011 urtean. Gipuzkoako Foru Aldundiaren www.guregipuzkoa.net webgunean, digitalizatuta dauden hainbat argazki sartu dituzte, eta udalak kudeatuko ditu sareko argazki horiek.

Pailazoen arrakasta

Leidor eta Topic aretoetan iaz eskainitako emanaldien artean, pailazoak izan ziren arrakastatsuenak, besteak beste; Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsek martxoaren 26an egindako bi saioetan bete egin zen Leidor artetoa, eta gauza bera gertatu zen, Poxpolo eta Konpainia taldearen abenduaren 28ko bi saioetan ere.

Emanaldi hauez gain, urteroko hitzorduek ere harrera beroa  izan zuten iaz Tolosan. Hauetariko batzuk dira, Txolarre irratiak antolatzen duen bertso saioa nahiz Benito Lertxundik maiatzaren 6an eskaini zuen kontzertua; Leidor aretoko ia eserleku guztiek bete ziren emanaldi hauetan ere.

Aipaturikoen bidetik,2011 urteko arte eszeniko nahiz musika emanaldirik ikusienen artean daude Oinkariren Ari du, Udal dantza tailerraren emanaldia, Beberen kontzertua, La fuerza del destino musikala, Ara Malikian eta Crimen Perfecto antzezlana.

Tolosako zineaz gozatuz

Zineak ere, Tolosako kultur jardueren agendan, leku nabarmena hartzen du urte osoan zehar; horren erakusle dira, iaz Leidorren nahiz Topic-en eskainitako 345 saioak.

2010ean baino ikusle gehiago bildu ziren filmetan iaz, eta era berean, sarrera nahiz bono gehiago saldu zituzten.

Ikusle gehien bildu zituzten filmak, Phineas y Ferb, Tintin, Enredados, Ordezko andereñoa, El discurso del rey, Katu bat Parisen, La llave de Sarah, También la lluvia, Piratas del Caribe 4 eta Más allá de la vida izan ziren iaz.

Inauteriek sortzen duten grina

Zehazki, hamaika erakusketa izan ziren iaz, Aranburu jauregian. Batzuk besteak baino arrakasta handiagoa izan zuten, baina bisitari kopuruari erreparatuz gero, inauterietako argazki eta elementuekin egindako Jeiki! Jeiki!k erakarri zituen ikusle gehien; 48 egunean, ia 7.000 bisitari jaso zituen .

Bataz bestekoa eginez gero ere, Jeiki!Jeiki!k izan zuen harrera beroena ikusleek artean; Esna Bidean, Targazki, Makina-tu nahiz Egutegiko argazkiak erakusketek ere piztu zuten tolosarren jakin mina.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!