Taldeko oroitzapenak iruditan

tolosa 2012ko otsailaren 1a

Kirikiño aisialdi taldeak 1986an hasitako bidea iruditan errepasatu nahi izan du, 25. urteurrenaren harira antolatu duten erakusketan. Antonio Maria Labaien kultur etxean ikusgai izango da datorren igandera bitarte, 17:30etik 20:30era.

Hainbat panelen bidez, mende laurden honek aisialdi taldeari eman diona gogora ekarri ahal izango dute bisitariek. Juanma Carretero arduradunak azaldu duen bezala, urte bakoitzari eskainitako panel bana jarri dute aretoan: «Bestalde, Inauteriei bereziki eskainitako atalak ere badira. Hauek gure lokaleko korridoreetan jarrita genituen, eta erakusketara ekartzea bururatu zitzaigun».

Betiko argazkiez gain, ordea, Kirikiñoren 25 urteotako irudiak ikustera joaten diren bisitariek, multimedia DVD bat ikusteko aukera ere izango dute: «Erakusketan bertan proiektatuko dugu. Hainbat atal ditu: alde batetik, urtez urteko irudiak ikus daitezke, urte bakoitzaren gainean klik eginez. Beste atal batean, Inauterietako argazkiak sailkatu ditugu, eta azkenik, haur eta gazteei nahiz begiraleei eskainitako atal bana dago DVDan, hauek ere argazkiz beteak».

Erakusketa biribiltzeko, Kirikiño aisialdi taldeko kideek urteurrenerako bereziki prestatu dituzten elastiko, jertse, motxila eta abarrak salgai izango dira kultur etxean bertan jarri duten postutxoan.

Bilketa lan gogorra

Erakusketa behar bezala antolatzeko lanekin, duela urtebete inguru hasi ziren Kirikiñoko arduradunak. Juanma Carreterok ez du zalantzarik izan: «Argazkiak biltzeak lan handia sortu digu, sekulakoa. Izan ere, argazki zaharrenak diapositibetan gordeta genituen, eta horiek guztiak eskanerretik pasatu behar izan ditugu. Egia esan, hau izan da urteurrenaren harira antolatu ditugun jarduera guztien artean, lan gehiena eman diguna».

Digitalizazio prozesuaren ondoren, panel bakoitzerako 25 edo 30 argazki aukeratu dituzte taldeko begiraleek, gehienak eurenak: «Pena izan da, argazki zahar asko, hezetasunagatik-eta, hondatu egin baitzaizkigu». Hala ere, taldetik pasatako begirale eta ikasle ohi askok beren argazkiak bidali dizkiete urteurrenaren harira. «Eta hori eskertzekoa da», dio Carreterok.

Erakusketak urte beteko lana eskatu dien arren, aisialdi taldearen artxiboa digitalizatzeko oso baliagarria izan zaie Kirikiñoko arduradunei: «Lan handia egin dugu, baina orain argazki guztiak ordenagailuetan gordeta ditugu, artxibatuta, eta gerora begira ere hor izango dira. Beraz, 25. urteurrenaren aitzakira, gure materiala hobeto antolatu dugu».

«Eurekin gogoratzen gara»

Mende laurdena urtero ez dela betetzen, eta Kirikiñoko begiraleek jarduera bereziak antolatzeari ekin zioten iaz: «Oso argi izan genuen, hasiera-hasieratik, erakusketa bat antolatu nahi genuela».

Lehenik Txantxangorri aisialdi taldean, eta gero Kirikiñon, 170 begirale aritu dira lanean urte hauetan guztietan, eta Carreterok dio aurten beste 50 ari direla: «Beraz, guztira 200 begirale baino gehiago pasa dira taldetik. Era berean, haur eta gazteak ere, 3.000 baino gehiago izan dira».

Honen aurrean, eta urteak aurrera joan ahala zenbait lagunekin harremana hozten joaten denez, erakusketa lagun hauei nolabaiteko omenaldia egiteko  ere baliatu nahi izan du talde tolosarrak: «Erakusketak balioko digu, taldeko guztiak, paneletan edo DVDan daudela erakusteko, eta eurekin ere gogoratzen garela erakusteko. Gainera, duela 25 urte zenbaitek hasi zuten bideari jarraitu diogu, antzeko jarduerak eginez, eta balore bertsuekin, eta hori ere ikusi ahal izango dute».

Lehen eguneko arrakasta

Kirikiño aisialdi taldeko arduradunek pasa den larunbatean inauguratu zuten erakusketa, urtarrilaren 28an.

Lehenengo egunean, 150 lagunek bisitatu zuten kultur etxeko aretoa, eta aisialdi taldeko antolatzaileak oso pozik agertu dute euren burua: «Erakusketak atal asko ditu, eta guztia ondo ikusi nahi dutenek denbora behar izaten dute. Larunbatean, esaterako, izan zen ordu eta erdi kultur etxean pasa zuenik! Beste batzuek, ikusteko hainbeste gauza ez daudela pentsatzen dute, eta ez die denborarik ematen guztia ikusteko. Beraz, jendea berriro itzuliko da erakusketara».

Juanma Carretero begiraleak datorren igandera bitarte oraindik aste luzea dutela dio, eta orain artekoarekin oso gustura daudela: «25 panel, DVDa eta Inauterietako argazki asko daude. Polita geratu da, eta oraindik ere Tolosako eta inguruko jendea bertaratuko dela uste dut».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!