Tolosako Ekinbide Etxeak EHU-Donostiako Orfeoia saria jasoko du ostiralean, Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketa antolatzeagatik. Luismi Espinosa (Tolosa, 1956) da lehiaketaren zuzendaria. Poz handiz jaso dute berria.
Biharko alean irakurri ahalko da elkarrizketa osoa.
Zer suposatzen du jasoko duzuen sariak?
Poz handia, batez ere ikusita zeinek ematen duen, hau da, kultura arloko hemengo bi erakunde nagusienetakoak, bai Euskal Herriko Unibertsitatea, bai Donostiako Orfeoia. Azken honi dagokionez, guretzat garrantzia berezia du, erakunde horrek abesbatzen mundua ezagutzen duelako. Luxua da etxekoen errekonozimendua jasotzea.
Espero zenuten saria jasotzea?
Ez genekien hautagaiak ginenik. Beraiek esan zigutenean jakin genuen. Espero ez duzunak ilusio gehiago egiten dizu. Saria ezagutzen genuen, eta galdeketa bidaltzen digute saridunak proposatzeko, baina ez zitzaigun burutik pasa ere saridunak gu izango ginela.
Aurretik jaso izan duzue horrelako saririk?
Turismoarekin lotutako bi sari jaso izan dugu, hau da, turismoa promozionatzen dugulako. Uste dut 1970. urtean jaso genuen. Bestea, 2000. urte inguruan izan zen.
Beraz, kulturaren alorretik abesbatza lehiaketak jasotzen duen lehenengoa da.
Bai, lehenengoa da. Eta, noski, oso ondo hartzen da. Hobe, egurra baino, sariak jasotzea. Sarien garrantzia emailearen arabera da, eta esan bezala, asko pozten nau Euskal Herriko Unibertsitatea izatea, eta batez ere Donostiako Orfeoia.