Pello Odriozola askatzea eskatu dute, espetxean 24 urte bete dituen egunean

Imanol Garcia Landa 2012ko urtarrilaren 31

Larunbatean 24 urte bete ziren Pello Odriozola atxilotu eta espetxean sartu zutenetik. Bere zigorra 2008ko uztailaren 2an bete zuela eta, hortaz, duela hiru urte eta erdi aske behar zuela esan zuten bere lagunek, Lizardi kultur elkarteko kideek eta Egin Dezagun Bidea ekimenekoek. «Tolosan behar genuen, Lizardin behar zuen gurekin», berretsi zuten kultur elkartearen egoitzan egindako agerraldian. Odriozolaren askatasuna eskatzeko eta «bidegabekeria handi honi» ezetz esateko, beste behin, Trianguloa plazan elkarretaratzea egingo dutela; etzi izango da, 19:30ean.

Egun, Zueran (Zaragoza, Espainia) dago Odriozola. Lizardi kultur elkarteko kidea dela gogora ekarri zuten agerraldian, eta gaztetatik «euskara eta euskal kulturari estu lotu» zitzaiola. «Euskal Herria aske izateko duen eskubidearen aldeko borrokari» heldu ziola ere azaldu zuten, eta «gure herriak aske izateko ez biderik ezta eskubiderik ere» ez duela gaineratu zuten. Horren adibide, Espainiako Konstituzioak bere lehen artikuluetan dioena jarri zuten. Besteak beste, bigarren artikuluan, Espainiako Konstituzioa «espainiar nazioaren hautsezinean» oinarritzen dela dio, «espainiar guztien aberri komun eta zatiezina».

Espainiako presidente guztiek behin eta berriz «konstituzio horretatik kanpo ez dago ezer» esan dutela adierazi zuten agerraldian. Horren aurrean, Odriozolaren askatasuna eskatu zutenek, nazioarteko itunek diotena esan zuten, hau da: «Herri guztiek dute autodeterminatzeko eskubidea. Beronetaz baliaturik, inolako morrontzarik gabe hautatzen dute beren legetasun politikoa; eta askatasun osoan zedarritzen beren garapena, ekonomiaren, gizartearen eta kulturaren alorretan». Espainiako Konstituziotik nazioarteko legedira «alde ederra» dagoela esan zuten. «Europan demokrazia aldarrikatzen da, herri guztien eskubideak ontzat jotzen dira, Espainian, aldiz, herri txikientzat kartzela eta morrontza aldarrikatzen da», gaineratu zuten.

Odriozola ez askatzeko, legedia «bihurritu» dutela esan zuten Lizardiren egoitzan bildutakoek, «zigor osoa beteta duen euskalduna espetxean mantentzeko, zigorra bidegabeki luzatzeko». Legedia «mendeku zital» bihurtu dutela salatu zuten, eta Espainiako justizia gaur egun, «egoera politikoaren esanetara» dagoela gaineratu: «Inpartzialtasuna auzian dute epaileek. Joxi eta Joxean bahitu, torturatu, hil eta gorpuak karez estali zituztenak kondenaren %5 beteta kalean daude. No comment! Agrabio konparatibo honek ez du azalpen handirik behar».

Odriozolaren egoera zabalduz

Ostiral arratsaldean egindako elkarretaratzea, hileko azken ostirala, bereziki Pello Odriozaolaren akatasuna eskatzeko baliatu zen.

Horrez gain, beste ekitaldirik ere izan zen egun horretan. Leidorren hainbat taldek kontzertua eman zuten, gehienak Tolosa eta ingurukoak. Emanaldiaren une batean Martxelo Otamendi Lizardi kultur elkarteko kidea eta Pello Odriozolaren arreba bat, Mari Jose, eta honen alaba Ainhoa Sagredo igo ziren oholtza gainera. Otamendik Pello Odriozolaren egoeraren berri eman zuen. Horrez gain, kontzertuaren une batean, Eñaut Elorrieta musikari eta abeslariak Gernika abestia eskaini zien euskal preso guztiei, eta bereziki Pello Odriozolari.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!