Proiektore digitalak hasi du bere bidea

Imanol Garcia Landa 2012ko urtarrilaren 27a

Leidor aretoko proiektore digital berria atzo estreinatu zuten, zine forumean eman zuten Le havre filmarekin. Asteburuan ikusi ahalko diren filmak ere proiektore digitalarekin emango dituzte. Tolosako Udalak hiru arrazoi izan ditu kontuan ekipamendu berria erosterakoan. Alde batetik, dagoeneko antzematen hasia zela filmak kontratatzeko orduan, 35 mm-ko filmen eskaintza geroz eta murritzagoa zela. Bestetik, «zine programazioaren taxuzko kudeaketa publikoa bultzatzeko borondatea» duela esan du udalak. Diru laguntzak jasotzeko aukera izan da beste arrazoia. Azaroan Eusko Jaurlaritzak iragarri zuen diru laguntzen deialdia, horrelako erosketei laguntzeko. Diru laguntza horri esker, erosketaren ia %50eko laguntza izango du udalak.

Ekipamendu berriak eskainiko dituen hobekuntzak ere zerrendatu ditu udalak. Batetik, programatzerakoan aukera zabalagoa izatea, «askatasuna eta ziurtasuna irabaziz filmak kontratatzeko». Aldaketa ohiko programazioko atal guztien onurarako izango dela azaldu du: zine foruma, haur saioak eta asteburuko zine komertziala. «Honen adierazgarri izango da proiektorearen estreinaldirako prestatutako egitaraua», gaineratu du udalak. Proiekzioen kalitatearen aldetik, batez ere emanaldi digitalen soinuan nabarmenduko dela azaldu du.

3D sistemari dagokionez, momentuz ez du udalak premiazko ekipamendutzat jo: «Merkatuaren bilakaeraren arabera erabakiko dugu zein den momenturik interesgarriena sistema hori gehitzeko, erositakoa prest baitago horretarako».

Filmak, disko gogorrean

Proiektore digitala jarri bada ere, 35 mm-ko filma ematen dituen proiektorea ez da kendu. «Oraindik film batzuk emango dira proiektore horrekin», azaldu du Juankar Oyanluze Leidor aretoko teknikariak. Soinu kalitatea hobea bada ere, digitalaren irudi kalitatea eta bestearena ez dira hain ezberdinak. «35 mm-ko bilkaria modu onean badago, digitala bezain ondo ikusten da», esan du Oyanluzek. «Gainera, digitalak ez du kolore beltza, guztiz beltza, ematen, eta besteak bai».

Film digitalak disko gogorrean iristen dira Leidorrera. Gero, disko gogor horretatik proiektoreak duen zerbitzarira kopiatu behar da, eta ia filmak berak irauten duen bezainbeste denbora hartzen du horretarako. «Filmak giltzapetuta egoten dira, eta banaketa enpresak egun jakin batzuetako, areto bakoitzari bere gakoa ematen dio, filma ikusi ahal izateko», dio Oyanluzek. «Egun horiek pasatu ondoren, berriro giltzapetuta gelditzen da, eta ezin da proiektatu».

Leidor areto proiekzio gelan gero eta gutxiago erabiliko dituzte zinemaren irudiari betidanik lotuta egon diren bobina handiak. «Proiekzioari xarma kentzen zaio bobinak ez badituzu erabiltzen», esan du teknikariak. «Badirudi 35 mm-ko formatua aurki desagertuko dela. Horien kostua banatzaileentzako handiagoa da. Esaten dutenez, bi urte barru desagertu daiteke».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!