«Denon hondarrarekin sekulako hondartza» egin daitekeela aldarrikatu dute Laskoraingo ikasleek

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko urtarrilaren 27a

Lodosako (Nafarroa) Ibaialde ikastolaren  egoera ekonomiko larria dela eta, Laskorain ikastolako ikasleek giza-katea egin zuten atzo, elkartasun egunaren barruan, eta hala nabarmendu zuen Beñat Azaldegi ikasleak:  «denon hondarrarekin sekulako hondartza egin daiteke». Lehen Hezkuntzako 3.mailatik Batxilergo 2.mailara bitarteko neska-mutil guztiek parte hartu zuten ekimenean, eta lepoan zapi gorria jantzi zuten, sinbolo moduan.

Elkartasun egunaren helbururik behinena, Lodosako ikastolara bidaltzeko dirua biltzea izan zen, ikasle bakoitzeko euro bana jomugatzat jarriz: «Ikasle bakoitzak euro bana jarriz gero, 1.500 euro aterako ditugu, eta lagungarria izango zaie». Horretarako, batxilergoko 1. mailako ikasleak lanean aritu ziren goizeko atseden garaian, txistorra, edariak eta antzekoak saltzeko txosnan; dantza ikuskizuna eta beste zenbait jarduera ere antolatu zituzten.

Sakramentinoetako patioan, berriz, ikasleek Tolosatik Lodosarainoko bidea irudikatu zuten, txanponak ilaran jarriaz. Arratsaldez txokolatea prestatu eta euro baten truke eskaini zieten, ikasle nahiz gurasoei.

Datorren otsailaren 5ean Sartagudan (Nafarroa) antolatu duten festa egunean ere izango da Ibaialde ikastolari laguntzeko aukera. Era berean, Lodosako Ibaialde ikastolaren alde diru laguntzaren bat eman nahi dutenek, Euskadiko Kutxako honako kontu korrontean egin dezake: 3035 0153 46 1531026051

Helduenek gazteenei

Azaldegik azaldu duenez, duela bi aste izan zuten Lodosako ikastolaren egoeraren berri. Honen aurrean, ikasle zaharrenek zerbait egin zitekeela pentsatu zuten: «Oso tristea da Nafarroako ikastolek duten egoera. Euskararen erabilera erabat mugatua den toki batek tristura handia ematen du». Horrela beraz, batxilergoko gazteak aritu dira, ikasle gazteenei Lodosako ikastolaren egoera azaltzen: «Harrituta geratu dira, eta haserre. Laguntzeko beharra sentitu dute».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!