Artisten lehen pausoak

Ataria 2012ko urtarrilaren 26a

Tolosako Aranburu jauregia artelanez bete da. May Colmeneroren 62 ikasleren lanak daude ikusgai. «Nire ikasleek ez dakite zer den erakusketa bat, zer den katalogo bat. Modurik hoberena hori jakiteko erakusketa bat egitea da», azaldu du Colmenerok. Artistak sei eta hamabost urte artekoak dira, eta margolan bakoitzaren ondoan egilearen izena azaltzen da.

Horrelako ekimen bat aurrera eramateko motibazioa «garrantzitsua» dela esan du pintura irakasleak, eta «ilusio handiz» egindakoa izan dela gaineratu du. Ikasleez gain, Colmenero berak ere hainbat koadro zintzilikatu ditu. Hainbat teknika erabili dituzte: akuarela, pastela, itzalak, egur margoak, olioa eta espatula.  Erakusketa otsailaren 25a arte izango da ikusgai.

33 urte daramatza pintura irakasle gisa  Colmenerok, eta pozik dago ekimenarekin eta bere irakasle jarduerarekin: «Ikasleek ikasteko gogo handia dute eta maitasun asko ematen didate. Orain zortzi urte egin genuen beste erakusketa bat, ikasleen parte hartzearekin ere. Nire ustez horrelako beste hainbat erakusketa egin beharko litzateke. Artea hain da polita...».

«Sortu egin behar da»

Margolanetan denetariko gaiak ikusi daitezke. «Ikasleei libre utzi diet. Beraien sormena da. Ez da kopiatu behar da, beti sortu egin behar da», dio Colmenerok. Ikasleei pintura klaseetara joateak lasaitasun handia ematen diela gaineratu du. «Horrez gain, sormena asko lantzen dute».

Herenegun egin zuten inaugurazioa eta jendez gainezka izan zen. Artista gazteek beraien lanak erakusten zizkieten gurasoei. Mahai gainean egindakoa hormetan zintzilikatuta ikusirik, artista sentiarazi die.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!