Migel Zeberio: «Herrikideek egiten duzun lanari oniritzia ematea bezalakorik ez dago»

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko urtarrilaren 26a

Migel Zeberiok (Tolosa, 1966) hamasei urte daramatza Et Incarnatus orkestran zuzendari lanetan. Bihar, Euskal Herriko hainbat txokotako musikariekin batera ariko dira Leidorreko oholtzan, Baigorriko gaiteroekin, Eñaut Elorrietarekin, Amaren Alabak taldearekin eta Lask Abesbatzarekin batera prestatu baitute kontzertua. Gainera, eskualdeko musikari eta dantzariak ere ariko dira; horren adibide dira, Itsaso Etxebeste, Jon Arruebarrena, Antton Telleria, Maddi Garikano eta Juan Urretabizkaia. Emanaldiaren inguruan aritu da Zeberio Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza egunkariarekin.

Zer ikusiko dute ostiralean Leidorrera bertaratzen direnek?

Ba gauza asko ikusi ahal izango dituzte. Kartelean ikus daitekeen bezala, talde asko ariko gara elkarrekin, eta honen arrazoia Et Incarnatus orkestrako kideok Baigorriko Gaiteroekin dugun harremanetik dator; badaramatzagu urte batzuk beraiekin elkarlanean. Dultzaina jotzeaz gain, Baigorriko Gaiteroek urtero Nafarroaren Eguna antolatzen dute han, udaberri inguruan. Urtero, musikaren inguruan zerbait berria eskaintzen eta sortzen saiatzen dira; gaitaren soinua txertatzea gustatzen zaie, baina ahal duten neurrian, hemen inguruko zein kanpoko talde, formazio eta estiloak uztartzen saiatzen dira. Normalean, beti gauza berritzaileak izaten dira, eta guk iaz parte hartzeko zortea izan genuen, eta baita duela hiru urte ere; bertan sortu zen, beraz, Leidorreko emanaldiko ideia. Gutxi-gorabehera, han eskaini genuenaren antzeko formatoa izango du biharkoak ere. Tolosak dituen bereizgarrietara egokitutako aldaketa batzuk izango ditu kontzertuak, eta Inaute-garaia hurbil dagoela ere nabariko da ikuskizunean, baina esan bezala, Baigorriko hari berari jarraituko diogu.

Eta zer nolako errepertorioa prestatu duzue emanaldi honetarako?

Programan askotariko doinuak daude. Egia esan, errepertorio zabala da, eta doinu eta piezak normalean entzuten ez diren formatuan entzuteko aukera eskainiko du kontzertuak. Adibidez, Ken Zazpiren musika orkestraren laguntzaz entzuteko beste aukerarik ez da izan momentuz. Musikari horiekin guztiekin emanaldia osatzean, Euskal Herriko hainbat lekutako kideak elkarrekin aritzea lortu dugu, Bizkaitik Zuberoaraino; beraz, koloretsua izango da emanaldia.

Et Incarnatusek emango al du kontzertuaren haria?

Bai, hori da. Emanaldian hasieratik bukaeraraino oholtza gainean egongo den taldea, Et Incarnatus izango da. Gainerako parte hartzaile guztiak konbinatzen joango dira kontzertu osoan zehar, eta amaieran guztiok batera ariko gara Leidorreko eszenatokian. Jendea kantuan jartzea espero dugu.

Erkki Pohjolaren omenez egin zenuten kontzertuak ere antzeko formatua zuen. Nolakoa da hainbeste jenderekin elkarlanean aritzea?

Formato hura oso-oso handia izan zen, erraldoia! Hau ez da hainbesterainokoa, eta beste kontzeptu bat da. Interpretatuko dugun musikari dagokionez, errepertorio ezagunagoa entzun ahal izango da bihar; Pohjolaren omenaldian literatura sakona eta Finlandiako doinuak nahastu genituen, eta 300 lagunek parte hartu genuen. Edonola ere, hainbeste talde mugiarazteak esfortzu ikaragarria eskatzen du, eta elkarlana emankorra izan dadin, talde bakoitzak asko jarri behar du bere aldetik. Izan ere, parte hartuko dugun guztiok gure izaera musikal propioa dugu, baina borondatea behar da, gero elkarrekin lanean aritzeko. Era berean, horrelako gauzak antolatzean ere, aurrekontuei dagokienez beti larri ibili behar izaten da, pentsa daitekeen bezala, kostu handia dakarrrelako horrelako zerbaitek. Beraz, gerrikoa estutzen saiatu behar da, bestela ez dago modurik horrelako gauzekin aurrera egiteko.

Hainbeste lagun izanda, nola antolatzen zarete oholtza gainean entseguak egiterakoan?

Entseguak ere oso konplexuak dira horrelakoetan. Batetik, jende asko garelako, eta bestetik, parte hartzaileetako batzuk urrunetik datozelako. Era guztietako konbinazioak egin ditugu: neroni joan izan naiz kanpora, eta ahal izan dugun neurrian saiatu gara erdi-bideko lekuetan elkartzen. Tolosan entsegu bat egin genuen, eta Donostian beste batzuk ere bai; hala ere, lan asko posta elektroniko bidez egin dugu. Antolamenduaz gain, ordea, teknikoki ere gauza konplexua da, horrelako emanaldi batek baliabide sendoak eskatzen baititu. Urteen poderioz eskarmentua lortzen ari gara pixkanaka, eta emaitza jendeak oso ondo pasatzeko modukoa izango dela uste dut.

Lehen aipatu dituzun parte hartzaileez gain, hainbat tolosarrek ere parte hartuko dute emanaldian.

Bai. Anaia eta biok emanaldia prestatzen ari ginela, guk noizbait mundu profesional honetan lehen aldiz, muturra sartzeko aukera izan genuela pentsatu genuen. Horrela beraz, musikari profesionalei deitu diegun bezala, mesede asko eskatu izan dizkiegun eskualdeko musikariei ere horrelako kontzertu batean parte hartzeko aukera ematea bururatu zitzaigun. Musikari hauek, besteak beste, Lask abesbatzaren diskan parte hartu berri dute, eta bidea egiten laguntzea ere gauza polita da. Beraientzat ere esperientzia polita izatea espero dut.

Sarrera gehienak saldu dira jada. Horrek gogoa are gehiago pizten al du?

Gogoa beti izaten da. Baina noski, jendeak erantzun ona eman duela ikusteak poza ematen du; azken finean, horrelako emanaldi baten helburua entzuleen belarria da, eta gu entzulegorik gabe ez gara ezer. Beraz, jendeak gure proposamenen haria jarraitzen duela ikusteak, segurtasuna ematen du. Bestalde, konpromisoa ere aregotu egiten da, baina saiatuko gara, jendeak sarrerak erosiz izan duen esker ona itzultzen. Eta ez dadila azkena izan! Periodikoki gure presentzia bermatu nahiko genuke Tolosan. Izan ere, Et Incarnatuseko batzuk bertakoak gara, eta herrikideek egiten duzun lanari  oniritzia ematea bezalakorik ez dago.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!