Migel Zeberio: "Doinu eta piezak normalean entzuten ez diren formatuan entzuteko aukera eskainiko du kontzertuak"

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko urtarrilaren 25a

Et Incarnatus orkestrako zuzendaria da Migel Zeberio (Tolosa, 1966), eta datorren ostiralean, Leidorreko oholtza gainean ariko dira, Eñaut Elorrieta, Baigorriko Gaiteroak, Amaren Alabak, eta Lask abesbatza lagun dituztela. Elkarlanean sortutako emanaldi honen inguruan aritu da Tolosaldeko eta Leitzaldeko HITZA egunkariarekin. Biharko elkarrizketaren aurrerapena, jarraian.

Zer ikusiko dute ostiralean Leidorrera bertaratzen direnek?

Buf! Ba denetatik, gauza asko ikusi ahal izango dituzte. Kartelean ikus daitekeen bezala, talde asko ariko gara elkarrekin, eta jende hau guztia elkarrekin aritzeko arrazoia Et Incarnatus orkestrako kideok Baigorriko Gaiteroekin dugu harremanetik dator; badaramatzagu urte batzuk beraiekin elkarlanean. Dultzaina jotzeaz gain, Baigorriko Gaiteroek urtero Baigorriko Nafarroaren Eguna antolatzen dute, udaberri inguruan. Urtez urte, musikaren inguruan zerbait berria eskaintzen eta sortzen saiatzen dira; gaitaren soinua txertatzea gustatzen zaie, baina ahal duten neurrian, hemen inguruko zein kanpoko talde, formazio eta estilo uztartzen saiatzen dira beren emanaldirako. Normalean, beti gauza berritzaileak izaten dira, eta guk iaz parte hartzeko zortea izan genuen, eta baita duela hiru urte ere; bertan sortu zen, beraz, Leidorreko emanaldiko ideia.

Baigorriko emanaldi hartan ere Eñaut Elorrieta eta Lask abesbatza zuekin izan ziren, ezta?

Bai, gutxi-gorabehera, han eskaini genuenaren antzeko formatoa izango du ostiralekoak ere. Tolosak dituen bereizgarrietara egokitutako aldaketa batzuk izango ditu kontzertuak, eta Inaute-garaia hurbil dagoela ere nabariko da ikuskizunean, baina esan bezala, Baigorriko hari berari jarraituko diogu.

Eta zer nolako errepertorioa prestatu duzue emanaldi honetarako?

Programan askotariko doinuak daude: kantu herrikoiak, Ken Zazpiren errepertorioko abesti ezagunak, Xabier Leteren eta Mikel Laboaren bertsio batzuk, Inauterietako musika, Lask abesbatzaren Yau Samayaye diskako kantu berriak,... Egia esan, errepertorio zabala da, eta nire ustez, doinu eta piezak normalean entzuten ez diren formatuan entzuteko aukera eskainiko du kontzertuak. Adibidez, Ken Zazpiren musika orkestraren laguntzaz entzuteko beste aukerarik ez da izan momentuz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!