Maria Rodriguez (Eibar, 1981) ari da Tolosako Hirukide ikastetxeak antolatu dituen musikaterapia saioak ematen. Atzo 18 eta 36 hilabete arteko haurrei zuzendutakoa izan zen, bihar 0 eta 18 hilabete artekoentzat, eta hilaren 31n, haurdun daudenentzat. Nahi duten guztiei irekitako saioak dira. Izena emateko 943 67 39 48 zenbakira deitu edo hirukide@hirukide.org helbidera idatzi daiteke. Saioak Hirukideren Gainberri eraikinean egiten ari dira.
Zer da musikaterapia?
Musika, soinua eta mugimendua baliabide gisa erabiltzen duen diziplina da musikaterapia. Hemen oso ezaguna ez bada ere, beste herrialde batzuetan, AEBn, Argentinan eta Ingalaterran, adibidez, urteak daramatzate prebentzio moduan erabiltzen, heziketan eta maila klinikoan. Musikaterapiaz pentsatzean, askori burura etortzen zaie pertsona bat erlaxatuta musika entzuten, baina berez musikaterapiak prozesu aktiboak eta pasiboak ditu. Esaterako, musika egitea, instrumentu errazak erabiliz eta aurretik musika ezagutzarik izan gabe, musikaterapian erabiltzen dugun baliabide bat da eria baloratzeko, helburuak finkatzeko eta tratamendu bat ezartzeko. Labur esanda, hitza erabili beharrean, musika, soinua, gorputza eta musika instrumentuak erabiltzen dituen psikoterapia da.
Zertan lagundu dezake musikak haur txikienei?
Musika guztion bizitzan dago txikitatik. Jaio baino lehen ere, lehendabizi garatzen den zentzumena entzumena da. Haurrek musikarekiko daukaten harremana oso txikitatik nabarmendu daiteke. Musikak mugimendura gonbidatzen gaitu, entzumena eta atentzioa lantzen laguntzen digu; erritmoak kontzeptu logiko eta matematikoetarako lehen pausoetan laguntzen digu, gisa harremanetarako baliabide dibertigarria da, lengoaian eta hizkeran oso baliabide erakargarria da... Esan dezakegu musikak Howard Gardnerrek deskribatutako zortzi adimenetan eragina daukala, haurren garapen osoan zein garapen fisiko, sozial, emozional eta kognitiboan lagunduz.
Hainbat saio antolatu dituzue. 18 eta 36 hilabete artekoa eta 0 eta 18 urte bitartekoena. Zer egiten duzue saio horietan?
Hirukide eskolan antolatutako saioetan, familian egongo gara haurrekin jolasean. Musika eta mugimenduarekin jolastuko dugu, instrumentuak joaz, dantza eginez, abestuz... Gurasoei musika nola erabili dezakegun, printzipio teorikoak, musikari buruzko ikerketak... azalduko dizkiegu. 18 eta 36 hilabete arteko haurrekin oso ekintza mugituak izaten dira, adin tarte horretan horrela ikasten baitute: korrikan, saltoka, ukituz... esperientziaren bitartez. Ostegunean, berriz, txikienekin arituko gara, dantza lasaiagoekin, abesten eta instrumentuak joaz, afektuz beteriko ekintzetan.
Datorren astean, haurdun daudenentzat izango da saioa.
Badaude haurdunaldia fisikoki lantzeko hainbat fisioterapeutek eta medikuk eskainitako ekintzak. Musikaterapiaren bidez jaioko den haurrarekin nola kontaktatu lantzen dugu. Musikaren bidez, haurdunaldiko laugarren hilabetetik entzuten duen haurrarekin afektuz beteriko lengoaia sortzea da helburua. Hala nola, haurdun dagoen emakumearen beldurrak, zalantzak, eta ongizatea lantzen dira musikaren bitartez. Askotan hitzen bidez ezin dena esan, musikaren bidez esan daiteke.
Zer du musikak hain berezia izateko?
Gure ingurua bibrazio eta soinuez betea dago. Gure gorputzak, gainera, besteek jasotzen dituzten soinuak egiten ditu. Gure kulturak soinuak eta musikak ditu, elkarren artean lotzen gaituztenak. Esan dezakegu denok daukagula soinu identitate bat, hein batean besteekin elkarbanatzen duguna eta, beste aldetik, bakarra eta bakoitzarena dena. Musikak eta soinuek sentsazio eta oroitzapenetara eramaten gaituzte. Horrek eragiten du bakoitzak bere bizitzako soinu banda bat izatea eta musika gure bizitzaren eta gure komunikatzeko moduaren parte izatea. Eta, aldi berean, musika baliabide interesgarri bihurtzen du tratamendu bat egiteko, osasun prebentziorako tailer baterako edo heziketa programa baterako.