Asuncion klinika kudeatzen duen INVIZA enpresak, 2010ean 4.046.403 euroko zorra zuela salatu zuen Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde koordinakundeak, pasa den larunbatean Tolosako udaletxeko batzar aretoan antolatu zuten bilera irekian.
Aretoa bete zuen bileran, Javi Arana medikua, Cristina Pelaez denbora bankuko kidea eta Mari Mujia LABeko arduraduna izan ziren hizlariak, eta hasieratik argi utzi nahi izan zuten, TOPA ez dagoela Asuncion klinikaren aurka: «TOPAk onartzen du, klinika eskualdeko zerbitzu publikoaren lana osatzen aritu dela, eta lan horretarako egokia dela, eta ez gaude Asuncionen zabaltze lanen aurka. Baina koordinakundeak ez ditu onartzen proiektu honetako irregulartasunak, eta ezta diru publikoarekin enpresa pribatuak finantzatzea ere».
Obra baimen «irregularra»
Iazko ekainaren 1ean, TOPAk Asuncion klinikan aurreikusita zeuden obrak geratzeko eskaera egin zuen publikoki, eta Mari Mujikak bileran azaldu zuenez, «artean alkate zen Jokin Bildarratzek ez zuen erantzunik eman».
TOPAk salatu duena, ordea, obra baimena da. Izan ere, 2011ko ekainaren 9an, alkatetza aldatu baino bi egun lehenago, Jokin Bildarratzek Asuncion klinikako obra baimena sinatu zuen alkate dekretu bidez.
Honen aurrean, hiru herritarrek helegitea aurkeztu zuten Tolosako Udalean, Bildarratzek obra egiteko emandako baimena «irregularra» zela azalduz. Koordinakundeko kideek azaldu dutenez, irregulartasun handiena honakoa da: «klinika zabaltzeko lizentzia horretan, Tolosako Udalak ez zion Asuncion klinikari Eraikinen, Instalazioen eta Obren gaineko Zerga ordainduarazi, eta ondorioz, 231.000 euro ordaindu gabe utzi zituen klinikak».
Invizak, Asuncion klinika kudeatzen duen enpresak, pasa den abenduaren 14an honen inguruko argudioak aurkeztu zituen, helegitea aurkeztu zuten hiru herritarrei erantzunez, eta oraindik ofiziala ez den arren, Tolosako Udalak baliogabetzat jo du Bildarratzek emandako obra baimena.
Klinikaren zorra
TOPAko kideek, Asuncion klinikako kudeatzailea den Iñigo Dendaluzek duela hilabete batzuk egindako adierazpenak ekarri zituzten gogora; adierazpen haietan, klinikako kudeatzaileak, Asuncion etekinak ateratzeko enpresa bat ez zela zioen. Baieztapen honen aurrean, koordinakundeko kideek «zalantzak» dituztela diote, eta beren argudioak eman zituzten pasa den larunbateko batzarrean.
Asuncion klinikak porrot ekonomikoa izan zuen 1996. urtean, eta orduan sartu zen auzi honetan, Jesus Gomez Montoya. Gaur egun Inviza enpresaren jabea da, eta Invizak Asuncion klinikako kudeaketa daramanez, klinikako zuzendari orokorra da bera.
Mari Mujikak azaldu zuenez, «hainbat enpresa sare ditu, tartean El Pilar klinika, edo orain dela gutxi Kantabrian ireki duten zaharren egoitza bat. Gertutik jarraitu beharreko pertsona dela uste dugu».
1996ko porrotaren aurrean, zorra nola banatu eta ordainduko zuten adostu zuten: «garai hartan, horrelako enpresek porrota izaten bazuten, ogasunari ordaindu behar izaten zioten zorra», azaldu zuen Mujikak. TOPA koordinakundeak, hamasei urte beranduago zorrak hor jarraitzen duela salatu du: «Osakidetzako jendeari Invizaren zor hori gaur egun nola dagoen galdetuta, ez dakitela erantzuten dute, baina hori gezurra da. Izan ere, dokumentu ekonomikoetan argi eta garbi azaltzen da».
Zorra ordaintzeko, egutegi moduko bat egin zutela azaldu zuen Mujikak, eta bide honetan, urtez urte «zor historikoa» ordaintzen joan behar zuketen Invizak eta Asuncionek: 1996-1997 urteetako etekinen %20 zorra ordaintzeko bideratu behar zuten; 1998-1999an, berriz, irabazien %40; 2000. urtean, Invizaren etekinen erdia bideratu behar zuen Gomez Montoyak zorra ordaintzera, eta aurrerantzean, irabazien %75 bideratu behar izan zuten horretara. TOPAren arabera, «gaur egun, beraz, Asuncion klinikako etekinen %75 zorra ordaintzera bideratu beharko lukete oraindik ere, baina badute modurik, hori ordaintzea saihesteko».
Horrela beraz, 2009an, Asuncion kudeatzen duen Invizak 1.193.752 euroko zorra zuen ogasunarekin, 2.747.580 eurokoa gizarte segurantzarekin, eta 115.642 eurokoa Fogasarekin, TOPAk batzarrean azaldu zuenez; guztira, beraz, 4.056.794 euroko zorra zuen Invizak, duela hiru urte.
2010ean, zor hori 10.000 eurotan gutxiagotu zen: «suposatzen da, 10.000 euro horiek enpresaren etekinen %75a direla. Baina enpresa pribatu batek hain etekin gutxi izatea ez da normala», dio Mujikak.
Gaur egun, beraz, 4.046.403 euroko zorra du Invizak, eta proportzio horretan ordaintzen jarraitzen badu, hemendik 200 urte baino gehiagora, zorrak hor jarraituko duela dio TOPA koordinakundeak.
Enpresaren «muntaia»
Aipaturiko zor honi aurre egiteko, Jesus Gomez Montoyak enpresa sare bat sortu duela salatu zuten TOPAko kideek, pasa den larunbateko batzarrean: «Alde batetik, Yatpinde izeneko enpresa matrizea dago, eta hortik hainbat adar ateratzen dira: Inviza, Geusa, Asistencia Médica Tolosa eta baita 2011n sortutako Historias y Gestión Hospitalaria S.L. enpresa ere. Hau aztertzen hasiz gero, Yatpinde-k langile bakarra duela ikus daiteke. Geusa-k, berriz, 9 langile ditu, eta Invizako gizarte sagurantzako zenbakiarekin batera, 285 langile dituela azaltzen da. Asistencia Tolosa enpresak, 13 langile ditu, eta 2011n sortu berria den enpresa oraindik ezin izan dugu arakatu».
TOPAren ustez, «muntaia» honek funtzio bat du, eta helburu jakin batekin egina da: «enpresa promozioen sistema bat osatu dute, eta euren artean halako trikimailu bat sortu dute. Hau sakonago aztertzea beste batzuen lana izango da, baina garbi daukagu, muntaia honen bidez desagertzen direla Invizak urtero atera beharko lituzkeen etekinak;beste norabaitera joaten direla». Hau guztia «Tolosaldeko herritarrei iruzur egitea» dela uste du TOPAk, eta horrelako enpresa bat «herritarron osasun zerbitzurako bermea ez dela» uste dute.
Baldintza «desegokiak»
Asuncionek gaur egun eskaini dezakeen zerbitzua ere hizpide izan zen batzarrean. Izan ere, TOPAko Javi Aranak azaldu zuenez, beren ustez Asuncionek gaur egun ezin du eskualdeko ospitale publiko batek eman dezakeen zerbitzu bera eskaini: «Zer hartzen dugu oinarri hau baieztatzeko? Lehenik eta behin, ez dago leku fisikorik, Asuncioneko kontsultak eta espezialitateen anbulatorioko 60.000 kontsultak artatzeko; gainera, Donostia ospitaleko kontsultak ere Asuncionek artatuko ditu aurrerantzean, izan ere, Tolosaldeko biztanleek ezingo dute bigarren iritzi baten bila edo ospitaleratzera Donostiara joan». Halaber, kontsultak Asuncionen, Belaten, Andoainen edo El Pilar klinikan banatuta egotea ere gaitzetsi du koordinakundeak.
Medikuen titulazioekin ere egin zituzten hainbat aipamen. Izan ere, Asuncioneko espezialista batzuk, Mediku Eskolan homologaturiko espezialista gisa ez direla agertzen diote TOPAko kideek. Gainera, Asuncioneko ordutegiak ospitale publiko bateko ordutegiarekin «zerikusirik ez» duela salatu zuten batzarrean, espezialistetako askok eguerdira arte bakarrik lan egiten dutela esanez.
Honen guztiaren ondorioz, eta «Asuncion Tolosaldeko erreferentziazko ospitalea izatea nahi badute, Euskal Herriko gainerako eskualdeekiko desberdintasun hain nabarmenak izatea onartezina da. Guk zerga berak ordaintzen ditugu, eta gainerako biztanleekiko aldea desager dadin, Asuncion klinika publiko egitea konponbide bakarra» dela uste dute TOPAko kideek.
Herritarrek egin dezaketena
Beste hainbat gauzaren artean, koordinakundeko kideek herritarrei dei egin zieten, osasun arloan jasotzen duten zerbitzuarekin ados ez baldin badaude, erreklamazio edo kexuak aurkez ditzaten; anbulatorioan eta osasun zentruetan eskuragarri izango dira.
TOPAk ezinbestekotzat du, herritarren presioa, eta adibidetzat Uzturre gerontologiko berria eta Iurreamendi egoitzako gaueko txandaren berrezartzea jarri zituen Javi Aranak.