Dena prest dago larunbatean Txolarre Irratiak antolatutako bertso jaialdirako. Tolosako Leidorren 18:00etan hasiko da saioa, eta Amaia Agirre Villabonako bertsolariak gidatuko du. Kantuan sei bertsolari: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Jon Maia, Andoni Egaña, Aitor Sarriegi eta Jexux Mari Irazu.
Leidor aretoaren ateak, arratsaldeko 17:30an zabalduko dira eta barruan Banaiz Bagara elkartearen “Salmenta euskaraz” izeneko ekimenean parte hartzen duten etorkinak izango dira. Euskalgintzako hainbat eragilek utzitako materiala jarriko dute salgai eta, besteak beste, Txolarre Irratiaren kamisetak ere eskuratu ahal izango dira bertan.
Arratsaldeko 18:00etan hasiko da saioa eta ordu eta erdi iraungo du gutxi gora behera. Saioa zuzenean jarraitzeko aukera ez dutenek, astelehenean bertan, www.txolarre.org web gunean topatuko dituzte bertsoaldi guztiak zintzilikatuta.
OHAR GARRANTZITSUA: martxa onean doa sarreren salmenta. Gutxi batzuk geratzen dira salgai bi puntutan bakarrik: Villabonako Amasa kafetegian eta Tolosako Orbela tabernan. Saioa hasi baino ordu bete lehenago Leidorreko leihatilan jarriko dira azkeneko 100 sarrerak salgai. Sarrerarik hartu ez duen jendea, beraz, Leidorrera bertaratzera animatzen dugu. Sarrera bakoitzak 10 euro balio ditu.