Ikasbidaia berdintasun baloreekin prestatuko dute batxilergoko ikasleek

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko urtarrilaren 19a

Tolosako Batxilergo 2. mailako ikasleek, ikasbidaia finantzatzeko jarduerak antolatu dituzte asteburu honetarako, eta genero ikuspegia izan dute lan ildo nagusia, bigarren urtez jarraian.

Bihar izango da lehen ekitaldia, iluntzeko 19:00etan Topic-en. Ikasleek eurek prestatutako emanaldian, telebistako Tú sí que vales programa oinarri hartu dute, eta Hi haiz hi izenburupean, ikasleek saio laburrak eskainiko dituzte oholtza gainean: dantza, gitarra-jotzaileak, abeslariak nahiz esketxak. Kike Amonarriz eta Josebe Iturrioz epaile lanetan ariko dira, eta bi emanaldirik onenek saria jasoko dute.

Horrez gain, Beldur barik lehiaketa ere txertatu dute ikuskizunean. Genero ikuspegia lantzeko erkidego mailan antolatzen duten lehiaketa da, baina bertan parte hartzen duten tolosarrekin beste sariketa bat antolatzen dute, aldi berean. Horrela beraz, parte-hartzaileen proiekzioak ikusgai izango dira biharko emanaldian, eta irabazleei sariak banatuko dizkiete. Azkenik, Keiran taldeak bizpahiru abesti eskainiko ditu; iazko Beldur barik lehiaketako irabazleak izan ziren, eta Leire Kortajarena berdintasun teknikariak azaldu duenez, horregatik erabaki dute berriro gonbidatzea. Emanaldiko sarrerak, Topic-en bertan izango dira eskuragarri, 5 euroren truke.

Larunbatean, berriz, Batxitxango diskojaia izango da Beotibar pilotalekuan, 23:00etatik 05:00etara bitarte. Herriko DJek jarriko dute musika, DJ NEKIONek eta DJ BLOND´Sek, zehazki. Festak irauten duen tartean, batxilergoko ikasleek salmenta postua jarriko dute, motxilak, kamisetak, txapak eta antzeko materiala salduz, ikasbidaiarako dirua lortzeko. Festara sartzeko sarrerek 5 euroko prezioa izango dute, eta pilotalekuan bertan erosi ahal izango dira; saldutako sarreran artean, gainera, bi iPod zozketatuko dituzte.

Baloreak helarazteko lanean

Udaleko Berdintasun saila eta Gazteria saila lankidetzan aritzen dira, Tolosako ikastetxeetako gazteekin batera. Ikasturte amaierako bidaiarako finantziazioa lortzeaz gain, prozesua bera izaten da, udal teknikariek beren lanerako erabiltzen dutena. Leire Kortajarenak azaldu zuenez, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna izaten da jarduerak antolatzerakoan jarraitu beharreko haria; horrez gain, elkarlana sustatzen diete gazteei, eta ekitaldi bat antolatzeak dakartzan kudeaketa lanak ezagutzeko ere baliagarria suertatzen zaie.

Astean behin, edo bi astez behin bilerak antolatzen dituzte ikasleekin, eta teknikariek aholkuak ematen dizkiete gazteei, beren ideiak modu egokiak garatu ahal izateko: «Zenbait momentutan aholkuak behar izan dituzte, balio zehatz batzuk helarazi nahi ditugulako indarkeria matxistaren aurka, edo berdintasunaren alde. Bide horretan, bilerak probestu ditugu ikasleei nolabaiteko heziketa eskaintzeko». Era berean, jarduerak antolatzerakoan, emakumearen presentzia bermatzeaz gain, gaiak esparru horretara bideratzen saiatu direla dio Kortajarenak, eta sentiberatasuna izaten, berdintasunaren kontra doazen edukiak saihesteko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!