Tolosako Udalak gaur egun duen ondarea sekula ez duela izan baieztatu du EAJ-PNVko udal taldeak, 2012rako onartu berri diren aurrekontuetarako proposamen berriak egitearekin batera; udalaren egoera ekonomikoa «sendoa» dela diote.
Jokin Azkue, Nuria Carbonell, Joxelu Andueza eta Olatz Peon izan ziren agerraldian, eta Bilduk eta Aralarrek argitara atera duten zorrari bi arrazoi nagusi eman dizkiote. Batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero udalari ematen dion diru laguntzak «behera nabarmen» egin duela diote, eta gaur egun, 2006an jasotzen zuten diru kopuru bera jasotzen duela Tolosako Udalak. Era berean, udalak zergen bidez jasotzen duen dirua «desegonkorra» izan ohi dela diote, obren gaineko zergei dagokienez; etxebizitzak edo obrak egiteagatik udalek %5a jasotzen dute. EAJko kideek, ordea, zera diote: «Denok dakigunez, orain ez dira etxebizitzak eraikitzen eta horrek ekartzen du, noski, udalean diru sarrerak jaistea».
«Ez dago kiebrarik»
Jokin Azkue, EAJren izenean, gaur egun Tolosako Udalak duen zorraz aritu zen. Alde batetik, epe luzeko zorra 12.000.000 eurokoa izan arren, «udalak diru hori urtero-urtero inongo atzerapenik gabe» bueltatzen duela diote; ordaindu beharrekoa ordaindutakoan, «gainera, urte amaieran soberakinak izaten ditu udalak, bestelako inbertsioak egiteko».
Epe motzeko zorrei dagokienez, 5.000.000 euroko zor hori Plaza Berriko etxebizitzen dirua jasotzean kitatuko dutela dio Azkuek: «Beraz, hemen ez dago kiebrarik, batzuk zabaldu nahi izan duten eran. Zorrak ditugu, baina ahalmena dugu horiek ordaintzeko».
Azkenik, Elosegi parkearen desjabetzea ere hizpide izan zuten prentsaurrekoan. EAJk Tolosagasa enpresa saltzea aurreikusi zuen, diru horrekin Elosegi parkeko zorra ordaintzeko. Jeltzaleen arabera, «Bilduk eta Aralarrek prozesua geratu egin zuten», eta «8.000.000 euroko zor hori ez dago hor EAJren erabakiengatik».
15 proposamen
Zenbait puntuan udal gobernuarekin ados dauden arren, 2012rako onartu diren aurrekontuek krisiari aurrerik ez dietela egiten uste dute jeltzaleek: «Egia da orekatuak direla, baina ekonomia sustatzeko ekintzarik ez dago, eta berritasuna eskaintzen duen proiekturik ere ez». Udal gobernuari anbizioa falta zaiola nabarmendu zuen Jokin Azkuek.
Horrela beraz, hamabost kontraproposamen egin dizkiete udal gobernuak aurkeztutako aurrekontuei: besteak beste, alkatearen aholkulariari lan orduak bikoiztearekin ez daude ados; landa auzoguneetarako dinamizatzaile baten beharra ikusten dute; Berazubiko etxebizitzak udalak sustatu behar dituela uste dute; urtero Eusko Jaurlaritzari 80 lanpostu eskatzea proposatzen dute; ‘udal baratzak’ egitasmoa indartu nahi dute; etxebizitza hutsak birgaitu eta alokairuan jarri nahi dituzte; eta azkenik, Nafarroa etorbidea erberritu nahi dute, merkatal jarduera sustatzeko.