Aurreko udala «herritarrei bizkarra emanez» aritu zela uste du udal gobernuak

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko urtarrilaren 13a

Bilduk eta Aralarrek osatzen duten udal gobernuak bete du lehen seihilekoak agintean, eta maiatzetik honako ibilbidearen balantzea egin dute prentsaurrean. Aurreko udalak utzitako «zorrak», «zerbitzu publikoen pribatizatzea» eta «herritarrei bizkarra emanez garatutako udal politika» nabarmendu dituzte, 2012rako erronkak azaltzearekin batera.

Pasa den ekainean agintea hartu zutenez geroztik hona, «udalaren beraren egoera ezagutzea» lehentasun izan dutela nabarmendu dute. Besteak beste, «egoera ekonomiko larria» dagoela azpimarratu dute, 17 milioi euroko kopurua gogora ekarriz. Bide beretik, aurreko udal gobernuak lidergo politikorik ez zuela izan diote, «bereziki eskualdeko industriak bizi duen atzerakada nabarmenaren aurrean».

PNV-EAJ buru zuen aurreko udal gobernuaren «zerbitzu publikoen pribatizatzea» ere gaitzetsi dute Bilduk eta Aralarrek, udalaren kudeaketa azpikontratan oinarritu zutela salatuz. Eurek udalera iritsi zirenean, euskararen aldeko jarduerak geldirik zeudela ere nabarmendu dute. Finean, aurreko legealdikoa, «herritarrei bizkarra emanez garatutako udal politika» zela diote.

Egindako lanarekin gustora

Bilduko eta Aralarreko udal ordezkariek gustora azaldu dute euren burua, sei hilabeteotan egindako lanarekin; beraz, «balantzea oso positiboa» dela diote, «urrats sendo eta erabakiorrak» ematen hasi direla uste baitute.

Batetik, udal gobernuaren lehen urratsa «udalaren ateak irekitzea» izan dela diote, «bestelako politika posible dela erakutsiz»; ildo honi jarraituz, lehen 100 egunen inguruko batzarra, plan ekonomiko finantziarioaren aurkezpena nahiz Larramendiko urbanizazioaren inguruko parte-hartze prozesua gogora ekarri dituzte. «Emandako urratsak norabide zuzenean izan direla» uste dute: «Ikasten joango gara ibiliaren ibiliz», dio Ibai Iriartek.

Ekainetik hona udalaren berrantolaketan egin duten lanari ere begiratu nahi izan diote udal gobernuko kideek: «Gobernuak azpikontratazioaren aurkako, eta zerbitzu publikoen zein kalitatezko enpleguaren aldeko urrats sendoak eman ditu, lanpostu zerrenda berriaren onarpenarekin». Honen harira, Bilduko eta Aralarko ordezkariek «kezka» azaldu dute agerraldian, Espainiako Gobernuak lanpostuen arautzearen inguruan onartu berri duen dekretuaren aurrean, «Tolosako Udalari, politika neoliberal hutsak inposatzen dizkioilako».

Hasi berria den 2012. urteko aurrekontuak ere hizpide izan dituzte, egoera ekonomikoa «larria» izan arren «gastu soziala bermatu» dutela baitiote; honi, «oposizioaren aurkako jarrera aurreiritziz jositako erabaki politikoengatik soilik uler» daitekeela gaineratu diote zinegotziek eta alkateak.

Azkenik, duela 22 urte Elosegi parkearen inguruan hasi zen auzia konponbidean jarri dutela azpimarratu du Ibai Iriartek: «Akordioa oso positiboa izanik ere, inbertsio honek zama handia sortuko dio udalari». Parkearen erabilerari dagokionez, alkateak naturgune ederra dela dio, eta herritarrei irekia behar duela izan. Dena den, horretarako beharrezkoak diren eraberritze lanek inbertsio handia eskatzen dutela uste du.

«Gutxiagorekin gehiago»

Urte berrirako udal gobernuak zenbait lan ildo aurkeztu ditu. Ibai Iriarte alkatea, eredu aldaketa baten beharraz aritu da besteak beste: «Gutxiagorekin gehiago egitea da gure erronka, eta horretarako, ezinbestekoa da herritarren parte-hartzea eta elkarlana». Bide beretik, aurten «proiektu handien aroa» hasiko dela nabarmendu dute: «Pertsonen eskubideak eta beharrak lehenesten dituena».

Lehenik eta behin, gatazkaren konponbidean ezinbestekotzat dute Gernikako Akordioaren garapena: «Ezinbestekotzat jotzen dugu bertan finkatutako ibilbidean aurrerapausoak ematea, bereziki preso eta iheslarien eskubideen defentsan, biktima guztien memorian eta aitortzan, eta Euskal Herriaren eskubide demokratikoen garapenean».

Herritarren parte-hartzearekin lanean jarraituz, Larramendi auzoko prozesuak garrantzia berezia izango du, izan ere, ekainerako amaitu beharko du auziak. Proiektuaren inguruko erabakia erreferendumaren bidez erabaki nahi du udalak, eta hau auzotarren artean gauzatzeko legezko bideak aztertzen ari dira. Halaber, San Esteban auzoaren etorkizuna erabakitzeko prozesua ere abian jarriko dute aurten.

Ekonomiaren eta enpleguaren sustatzea bideratzeko, itun sozioekonomikoa adostea da udal gobernuaren helburuetako bat.

Hondakinen kudeaketari dagokionez, Europar Batasunak bultzatzen duen Zero Zabor politikari heldu nahi diote. Auzi hau mankomunitatearen eskumena den arren, udalak honen inguruko txosten teknikoa eskatu du, Tolosaren eta eskualdearen beharretara molda daitekeen sistema aukeratzeko; hondakinen birziklapena gaur egungo %35etik, %80ra igotzea lortu nahi dute.

Euskararen normalizazioa ere udalaren lan ildo nagusietako bat izango da 2012ari begira: UEMAko kide izateko eskaeraz gain, udal erakundeetan erabilera planak abian jarri nahi dituzte, eta gaztetxoenekin ere euskararen erabilera sustatzeko jarduerak antolatzeko asmoa dute; kirolaren esparrua erabiliko dute, bereziki, honetarako.

Hizkuntzarekin batera, kultura ere erronka berrien barruan sartu du udal gobernuak. Horrela, tolosarrak kultur kontsumitzaile izateaz gain, kultura sortzera bultzatu nahi dituzte; eragileen arteko lan bateratuak indartzea izango da helbururik behinena.

Inbertsioei dagokienez, gainera, udalak «ahalegin berezia» egingo duela nabarmendu du, Berazubi, Bidebieta, Amarotz, Euskal Herria plaza, edota Abastosko eraikineko lanekin. Azken honetan, bigarren solairuaren zati bat behintzat, haur eskolaren beharrei erantzuteko erabili beharko dutela azaldu du Iñaki Irazabalbeitiak, gaur egungo lekua txiki geratu baita: «Hala ere, tokia badago gauza gehiago egiteko eta ikusi egin beharko da».

Azkenik, Berdintasun ordenantza betetzeko eta osasun zerbitzu publikoaren alde lanean jarraituko dutela azaldu dute agerraldian, Bilduko eta Aralarreko zinegotziek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!